Aurrekoak ere, Aimarren alde

Olaizola II.ak irabazi ditu profesionaletan Barriolaren aurka jokaturiko banakako lau partidak

IMANOL MAGRO / Berria

Aurten erakutsiriko jokoa eta aditu ia guztien adierazpenak gutxi balira bezala, Aimar Olaizolak beste lagun bat aurkitu du igandeko finalerako bidean: estatistika. Zenbakiek ez dute beti errealitatea islatzen, eta ez dute urrundik ere sasoi egokiak sor dezakeen konfiantzarik ematen. Halere, aurreko partiden gaineko estatistikak arrasto batzuk eman ohi ditu norgehiagoka garrantzitsuak aztertzeko, hala nola igandekoa. Are gehiago balantza aurkarietako baten alde nabarmen erortzen denean.

Izan ere, zenbakiek garbi erakusten dute Aimar Olaizolak Abel Barriolaren aldean duen nagusitasuna. Goizuetarrak Leitzakoaren aurka jokatu dituen azken hamar partidetatik hala banaka, nola binaka bederatzi irabazi baititu. Barriolaren azken garaipena aurkitzeko 2003ko otsailaren 16ra arte egin behar da atzera. Orduko hartan, Binakako Txapelketako finalerdietan, Agirre bikotekide zuela, Abel Barriola 22-15 nagusitu zitzaien Olaizola II.ari eta Pascuali. Dena den, Barriolak orduan ere ezin izan zuen barrerik egin, Olaizolak eta Pascualek kanporaketari buelta eman ziotelako hurrengo bi partidak irabaziz.

Barriolak ez dio buruz buru irabazi Olaizolari

Norgehiagoka guztiak kontuan harturik, datuek agerian utzen dute Aimar Olaizolaren nagusitasuna, eta buruz burukoek oraindik desoreka handiagoa erakuten dute, goizuetarrak irabazi dituelako profesionaletan Abel Barriolaren aurka jokatu dituen banakako lau partidak.

Hiru aldiz neurtu dituzte indarrak lau t’erdian, eta Barriola ez da inoiz hamasei tantotik pasatu. Aurtengo finalerdietako ligaxkan lehiatu ziren azkenekoz: Olaizolak aise menperatu zuen leitzarra (22-9). Barriolak kolpe gogorra hartu zuen saihetsetan, eta ezin izan zuen ahal duen bezain ondo jokatu. Lau t’erdiko beste bi partidak, berriz, 2002ko txapelketan jokatu zituzten, eta biak ala biak Olaizolaren aldekoak izan ziren. Finalerdietan 22-12 nagusitu zen; finalean, lau tanto gehiago galdu zituen (22-16).Buruz buru jokaturiko laugarren partida 2003ko banakako txapelketan izan zen. Aimar Olaizolak arazorik gabe irabazi zion Abel Barriolari (22-2) urte hartako maiatzaren 3an Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokaturiko finalerdietako norgehiagokan.Dena den, beraien arteko norgehiagokak ez dira Aimar Olaizolaren aldeko datu bakarra. Pilotari bakoitzak orain arte lau t’erdian eginiko bideari erreparatuz gero ere, nabarmentzekoa da Aimar Olaizolaren bolada gozoa. Kaiola barnean jokaturiko azken hamabost partidak irabazi ditu. Azkena 2000. urteko urriaren 22an galdu zuen, Capellanen aurka (22-17). Olaizolak 2002ko Lau t’erdiko Txapelketa irabazi zuen; iaz, ordea, besoko mina zela-eta ez zuen parte hartzerik izan.Abel Barriolak, berriz, azken bi urteotan ez du 2001eko txapelketa irabazi zueneko sasoirik berreskuratu. 2002ko finala galdu ostean, iaz Miguel Capellanek final-laurdenetan kanporatu zuen (22-20).

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE