Laurehun eta hirurogeitik gorako pilotakadekin, 461 eta 466, gauza interesgarririk izan zen lehenengoan, eta bigarrengoan berriz, zer esanik ez, aurreko bi egunetan baino kopuru handiagoan Aitzurira etorritako pilotazaleak etxera pozik joateko moduan geratuz. Hauexek emaitzak:
1. LABAKA-EGIGUREN 16 IBARLUZEA-ELORZ 22
2. DE LA FUENTE-BELOKI 22 FERNANDEZ-AZPIROZ 15
Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea: 0-3, 5-3, 5-5, 5-6, 6-6, 6-8, 9-8, 9-12, 10-12, 10-17, 16-17 eta 16-22, Ibarluzea eta Elorzen alde.
Tantoen banaketa:
• LABAKA: egindakoak 8 eta galdutakoak 8.
• EGIGUREN: egindakorik ez eta galdutakoak 8.
• IBARLUZEA: egindakoak 5 eta galdutakoak 2.
• ELORZ: egindakoa bat eta galdutakoak 6.
Pilotarien jokoari buruz:
• Beñat Labaka, Ilunpe Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari azpeitiarra. Ez zuen gaizki jokatu, eta tanto ederrik egin zuen, zortzi: lau ezker gantxoz, bat boleaz, eta beste hiruak botera, txapa gainean moztuta. Baina galdu ere beste horrenbeste egin zuen, eta markagailuarentzako berdin balio dutenak izan biak. Atzo bezalako partiduetan, hainbeste kostatzen delarik tantoa egitea, pena bat hain errez galtzea zenbait pilota, eta zaindu beharreko atal bat hau, aurrera begira.
• Urtzi EGIGUREN, azpeitiarra eta Ilunpe elkarte beretikjokatzen duena hau ere. Atzo ikusitakoarekin, bikote lagun Labakataz esandakoaren antzeko zerbait esan behar. Planta ederreko mutila, bi eskuekin pilotan jokatzen dakiena, baina errazegi galtzen duena pilota, batez ere ezkerrez, eta atzelari batentzat gabezi garrantzitsua hau. Ahalegindu egin behar beraz, oker hau zuzentzen.
• Oier IBARLUZEA, Lazkaoko Pilota Elkartetik jokatzen duen Urretxuko pilotaria. Partidu hasiera ez zuen santu-santua egin, pilotara ondo jarri ezinik bezala, eta errematerako garaian zalantza askorekin. Hobeto aritu zen gero, sendoago. Aurkariek ez bezala, pilota gutxi galdu zuen, bi bakarrik, eta hementxe egon zen norgehiagoka irabazteko gakoa. Baina aurrera begira, ezker aireko jokoa komeniko litzaioke menperatzea gehiago, atzo ere izan zituen aukera garbiak tantoa egiteko modu horetan, eta batzuetan sartzeko keinu eginda atzelariari uztea ondo dago, baina hauek ere jo eta jo nekatu egiten dira, eta eskertzen dute noski aurrelarien tanto azkarra.
• Oier ELORZ. Upo-Mendi Pilota Elkarteko Zaratamoko atzelari fina. Bera lauetan gazteena, aurten 16 urte, eta bera gehien gustatu zena. Oso ezker ona du, baina eskuina ere txarra ez, ezker belauna aurreratu eta gerria ondo sartuaz ederki jotzen dioelarik pilotari. Ezkerrarekin egiten du min ordea, pilotaren bila dagokion bezala joan eta kolpe bizia erantsiaz. Eta ez horren mutiko handia delako, pilotaria delako baizik, eta gauzak horrela kantxako zuloak ondo asko tapatu ere. Oso itxura ona eman zuen atzo.
Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea: 0-1, 2-1, 2-3, 4-3, 4-5, 8-5, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-11, 13-11, 13-12, 16-12, 16-14, 17-14, 17-15, eta 22-15, De La Fuente eta Belokiren alde.
Tantoen banaketa:
• DE LA FUENTE: egindakoak 7 eta galdutakoak 2.
• BELOKI: egindakoa bat eta galdutakoak 6.
• FERNANDEZ: egindakoak 4 eta galdutakoak 8
• AZPIROZ: egindako bat eta galdutakoak 8.
Pilotarien jokoari buruz:
• Aingeru DE LA FUENTE, Irurtzun Pilota Elkartetik jokatzen duen aurrelari Eugikoa. Ondo jokatu zuen, sakearekin eta defentsa lanetan sendotasun handia erakutsi zuen beti bezala, eta erremate garaian eraginkor, norgehiagokaren 17tik 22rako azken txanpa izan zuelarik atzoko distiratsuena arlo honetan, tantorik ederrenak ere garai erabakitzaile honetan egin zituelarik eta bide batez partiduari amaiera eder bat eman ere bai.
• Eneko BELOKI, Gazteleku Pilota Elkartetik jokatzen duen pilotari andoaindarra. Ondo jokatu zuen honek ere. Erraztasun handia dauka pilotan jokatzeko, bere bi eskuetatik pilota airoso ateratzen delarik, eta hau, aurreko koadroetatik bezala atzekoetatik gainera, hankak bosteko koadroan zituela jo zueneko pilotarekin ikusi zen bezala, botea zazpigarrenean eginaraziaz. Beste bi pilota zail askoak ere ekarri zituen dotore asko, hain zuzen ere hamabostgarren tantoa egin zutenekoan, Fernandezek eta Azpirozek tanto berean, pilotari botea zazpigarren koadroatzetik eginarazi, eta lehenengoari eskuinez eta bigarrenari ezkerrez, ezin hobetoago kolpea erantsiaz, pilota frontiseko goi partean jarri zueneko haietan andoaindarrak. Oraindik hemeretzi urte, eta dena ere ezin ba ondo egin, eta galdu behar ez ziren pilota batzuk ere alferrik galdu zituen dena den.
• Jorge FERNANDEZ, asteleheneko partidua irabaztetik zetorren pilotari errioxarra. Ondo jokatu zuen honek ere, motorra topera zuela une oro, ehunetik ehuna emanez, eta partidua erritmo handian jokatzeaz gain oso orekatua ere izan zelako markagailuari begira, nekatu egin zen azkenerako, eta azken zatian akats bat edo beste egin zuen hau dela eta. Ez da mutil handia baina bai braboa, kantxan ezkutatzen ez den horietakoa, eta bikote lagunari ere asko laguntzen dioena, sake eta pilota txar asko kenduaz alde batetik, baina pilota on askoak ere utziaz atzelariari ere bai bestetik. Iaz azken orduko sukar arazoengatik jokatzera etortzerik ez zuen izan baina aurten bai, eta bere lanak ondo eginda joanda eta gustura egoteko moduan.
• Adrian AZPIROZ, asteleheneko partidua irabaztetik etorritakoa Irurtzuneko pilotari hau ere, eta partiduko beste hiru pilotariak bezala, bera lanak ondo eginda joan zen etxera, hori bai, galdu izanaren pena handiz. Aurreko norgehiagokan ez zen gaizki ibili eta atzo berriz ondo, ezkerrez bezala eskuinez txukun eginaz pilotan, eman behar zenean eman eta jaso behar zenean jaso eginaz. Aurreko koadroetan, txokoan moztuta utzitako pilota batekin tanto eder askoa ere egin zuen gainera. Honek ere pilota dezente galdu zuen baina, eta ezin irabazi. Fernandezek bezala, iaz ez zuen izan etortzerik, eta ez dugu pentsatzen etorritako damurik izango duenik, inguru hauetan, pilotan ondo joka dezaken atzelari bat ezagutarazi duelako bere presentziarekin.
Datorren astelehenean, abuztuak 7 jokatuko dira azken laurdenetako bigarren partiduak:
1. Gazte-jubeniletan: IGLESIAS-SANTESTEBAN – SANCHEZ-CALVO
2. 23 urtez azpikoetan: SENAR-LANDA – ETXEBERRIA-LOZA /