Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS eta Eduardo AGIRRE-ALDAZABAL bikoteak izango dira aurtengo zesta puntako finala jokatuko dutenak.
Hauexek emaitzak:
1. BASTERRA-URETA 0 Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS 2
1.1. Lehenengo jokoan: 5 eta 12
1.2. Bigarren jokoan: 11 eta 12
2. Cosme AGIRRE-DIAZ 0 Eduardo AGIRRE-ALDAZABAL 2
2.1. Lehenengo jokoan: 9 eta 12
2.2. Bigarrengo jokoan: 9 eta 12 baita ere
Lehenengo partiduaren markagailu ibilbidea:
1. Lehenengo jokoan: 2-0, 2-6, 3-6, 3-11, 5-11, eta 5-12 Gonzalo AGIRRE eta CABANILLAS alde.
2. Bigarrengo jokoan: 0-1, 6-1, 6-3, 7-3, 7-6, 8-6, 8-10, 9-10, 9-11, 11-11, eta 11-12, Gonzalo AGIRRE eta CABANILLASen alde baita ere.
Tantoen banaketa:
• BASTERRA: egindakoak 5 eta galdutakoak 6.
• URETA: egindakorik ez eta galdutakoak 9.
• Gonzalo AGIRRE: egindakoak 9 eta galdutakoak 4.
• CABANILLAS: egindakorik ez eta galdutakoak 7.
Pilotarien jokoari buruz:
• Julen BASTERRA, aurrelari Hondarrabitarra. Lehenengo zatia pattal samarra egin zuen, errematera sartzeko ausardia gehiegirik gabe eta pilota errazak galduaz. Bigarren jokoan hobeto jokatu zuen, galdu ere gutxiago eta batez ere tanto gehiago eginaz, lau. Bigarren joko honetan, hamaikana tanto egin eta hamabigarren erabakigarriaren faltan, aurkariak izan ziren hau egin zutenak, eta honekin, hirugarren jokoalehiatzeko aukerarik gabe geratu eta finaletik kanpo ere bai.
• Julen URETA, atzelari zumaiarra. Lehenengo jokoan nahiko txukun ibili zen, pilota xisteran sartzea lortu, eta kolpea erantsiaz ere bai pilotari. Bigarren jokoan aldiz pilota askotxo galdu zuen, eta hirugarren eta erabakigarria izango zen jokoaren atea irekitzerik ez zuen lortu, atari-atariraino gerturatu ondoren.
• Gonzalo AGIRRE, aurrelari zumaiarra, eta parte hartzen duten hiru anaietan gazteena. Ondo jokatu zuen, pilotari abiadura eman zioen eta bederatzi tanto egin ere bai. Bigarren jokoan pilota erraz samarrak galdu zituen baina, eta jokoa galtzeko zorian egon ere bai. Bera izan zen diferentziak markatu zituena dena den, eta ondo merezitako txartela irabazi ere bai finala jokatzeko.
• Julen CABANILLAS, pilotari zumaiarra hau ere. Ez zioen hasiera santu-santua eman lehenengo jokoari, pare bat pilota erraz galduaz di-da batean. Hobeto jokatu zuen gerorabaina, bere buruarekin konfiantza gehiago hartu zuenaren itxurak emanez. Erraz mugitzen da kantxan eta garrantzitsua hau pilotara ondo jartzeko, eta ostiralean beste aukera bat izango du egiten dakiena erakusteko pilotazaleei.
Bigarren partiduaren markagailu ibilbidea:
1. Lehenengo jokoan: 1-0, 1-1, 3-1, 3-3, 5-3, 5-4, 8-4, 8-10, 9-10 eta 9-12, Eduardo AGIRRE eta ALDAZABALEN alde.
2. Bigarrengo jokoan: 0-1, 3-1, 3-3, 4-3, 4-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-7, 9-7, eta 9-12, Eduardo AGIRRE eta ALDAZABALEN aldebaita ere.
Tantoen banaketa:
• Cosme AGIRRE: egindakoak 6 eta galdutakoak 5.
• DIAZ: egindakoa bat eta galdutakoak 6.
• Eduardo AGIRRE: egindakoak 11 eta galdutakoak 8.
• ALDAZABAL: egindakoak 2 eta galdutakoak 3.
Pilotarien jokoari buruz:
• Cosme AGIRRE, aurrelari zumaiarra, eta hiru anaietan zaharrena. Ez zuen gaizki jokatu, baina egindako tantoetatik galdutakora, tanto bakar baten aldea bakarrik, eta hau gutxitxo da aurrelari batentzat. Hotz hasi zen, gutxitxo sartuaz jokoan. Bigarren jokoan itxura hobeagoa eman zuen, eta tanto gehiago egin ere bai, baina galdu, aurrekoan hainbeste, eta horrela zaila irabaztea.
• Oier DIAZ, atzelari gernikarra. Partidu txukuna egin zuen, kantxan erraz mugituz eta ondo erantzunez pilotari atzeko koadroetatik. Ondo piloteatutako tanto luze asko jokatu arren, azkenean, atzelari aurkariak baino errazago galtzen zuen pilota, eta hau ere izan zen norgehiagoka aurrera ez ateratzearen gakoetako bat.
• Eduardo AGIRRE, aurrelari zumaiarra eta hiru anaietan erdikoa. Bere ohiko arrastoan, jokoari alaitasuna emanez eta pilota ikuskizuna eskainiaz pilotazaleei. Artista da kantxan, eta tantoak egiteko erraztasun handiak ditu. Ez da hurrengo pilotari begira egoten, lehenengo aukeran, tiro, eta normalean ondo botatakoa. Baina tiro egin aurretikako lanetan huts egiten du behar baino gehiago, konfiantza gehiegirekin bezala joaten delako pilotaren bila, eta nahi baino gehiagotan egiten dio ihes sakitik, eta horren lekuko atzo galdutako zortzi pilota, egindakoak hamaika izan zituen arren.
• Ortzi ALDAZABAL, atzelari berriotxuarra. Bera atzoko pilotaririk gazteena, lehenengo urteko kadetea oraindik, eta bera erregularrena inongo zalantzarik gabe. Dotore jokatu zuen pilotan, pilota gozo-gozo saskian sartu eta ederki astinduaz frontis aldera, bere atzelari lanak ezin hobetoago eginaz. Tantoak egiten ere badaki ordea, lehenengo jokoan egindako biak horren lekuko, eta ez da gutxi atzelari batentzat. Baina atzelari batek ziurtasuna eskaini behar du batik bat bere jokoan, eta hauxe erakusteko gai izan zen atzo, lehenengo jokoan hiru pilota galdu zituen arren, bigarrenean bakar bat ere ez, eta hau oso kontutan hartzeko gauza da, hamasei urte bakarrik dituen mutiko batekin. Asko gustatu zen.
Eta holaxe, pausorik pauso, finaletako atarian kokatu gara jada, datorren ostiralean, abuztuak 25ean, arratseko 9tatik aurrera jokatuko direlarik:
1. Zesta puntaz: Eduardo AGIRRE-ALDAZABAL / Gonzalo AGIRRE-CABANILLAS.
2. Eskuz jubenil mailakoak: SANCHEZ-CALVO / EGURROLA-SOTIL
3. Eskuz 23 urtez azpikoak: DE LA FUENTE-APEZTEGIA / APEZETXEA-Jon LAZKOZ