Titin III.a-Elkoro eta Xala-Lasa III.a ariko dira gaur Zornotzan (22:00, ETB1)
Berria
Asegarcek eta Aspek antolatutako Gabonetako Torneoa final-laurdenetan sartu da. Enpresa bakoitza bere aldetik ari da, eta horrela jarraituko dute urtarrilaren 1erako iragarrita dagoen final handira arte. Gaur jokatuko da Zornotzan Asperen adarreko final-laurdenetako partida, eta bihar jokatuko da Asegarcerena Iruñean.
Titin III.a-Elkorok eta Xala-Lasa III.ak jokatuko dute gaurkoa Zornotzan. Titinek eta Elkorok jokatu dute jada partida bat. Eibarren aritu ziren joan den igandean Del Rey-Pascualen kontra, eta irabazi egin zuten (22-14). Xala eta Lasa III.a izango dituzte gaur kontrario, eta finalerdietarako urratsa egingo dute irabazleek. Finalerdietarako zuzenean sailkatuta, Martinez Irujo eta Goñi III.a daude.
Xala kantxetara bueltan
Gaurko partidaren beste berezitasunetako bat da hori: aspaldiko partez Ives Salaberri Xala frontoietan ikustea. Aimar Olaizolaren kontrako lau t’erdiko partida bertan behera uztea erabaki zuenetik, ez du Lekuineko ezkertiak partidarik jokatu azaroaren 28an jokatu zuen azkeneko aldiz, Jorge Nagoreren kontra, Zarauzko Arizbatalde frontoian. Atsedena behar zuen, atsedena izan du. Binakako txapelketa nagusia izango da bere hurrengo jomuga, eta Gabonetako Torneoa aukera ederra da bere sasoia eta kontrarioena neurtzeko.
Asegarceren adarreko final-laurdenetako partida bihar jokatuko dute Unanue-Belokik eta Bengoetxea VI.a-Ruizek, Iruñeko Labriten. Bengoetxea eta Ruiz dira han aurretik partida bat jokatutakoak. Berasaluze VIII.a-Otxandorenaren kontra jokatu zuten Ortuellan, eta irabazi (15-22). Biharko partidako irabazleek Olaizola II.a-Zearraren kontra jokatuko dute. Iruñeko horrek badu beste osagai bat. Txapelketa hurbil dago, eta Unanue-Bengoetxea VI.a lehia erabakigarria izan daiteke.