Azpeitiko Erremonte Txapelketaren 22. edizioa jokatuko dute ostiral hontatik aurrera.. Etzi izango da lehen jardunaldia eta lehen partidan Aldabe-Juanenea eta Gurrutxaga-Larrañaga ariko dira aurrez aurre, eta bigarren partidan, Urriza-Apezetxea eta Ezkurra II.a-Martirena. Urriaren 13an eta 20an izango dira ligaxka faseko beste bi jardunaldiak, eta final handia urriaren 27an izango da. Izarraitz pilotalekuan izango dira jardunaldi guztiak, 19:00etan hasita.
Datozen lau ostiral arratsaldeetan erremonteak hartuko du Izarraitz pilotalekua, Azpeitiko Erremonte Txapelketa jokatuko baita. Aurtengoa 22. edizioa izango da eta asteratean azaldu zituzten txapelketaren nondik norakoak.. Han izan ziren Xabier Gonzalez Oriamendi 2010 enpresako gerentea, Jon Oteiza udaleko kirol batzordeburua, Carlos Larrañaga txapelketaren babeslea den Epi enpresako ordezkaria eta txapelketan parte hartuko duten pilotarietako zenbait. Guztiek ere erremonteaz gozatzeko gonbita egin zieten herritarrei, urriko lau ostiraletan frontoira azalduta.
Hamabi pilotarik parte hartuko dute txapelketan, hiruna bikoteko bi taldetan banatuta. Talde batean, Urriza-Apezetxea, Ezkurra II.a-Martiarena eta Loitegi-Azpiroz bikoteak ariko dira; eta bestean, Gurrutxaga-Larrañaga, Ansa II.a-Zubiri eta Aldabe-Juanenea bikoteak. Talde horietako bakoitzak ligaxka independenteak jokatuko ditu, eta denek denen kontra lehiatu beharko dute. Partidak set eran jokatuko dituzte: hasiera batean, bi set 15na tantora, eta bikote bakoitzak set bana irabaziko balu, hirugarren set bat jokatuko lukete 5 tantora, partidaren irabazlea zein den zehazteko. Lehendabiziko seteko sakea nork aterako duen epaileak jaurtitako txapak erabakiko du; bigarren setekoa, lehen seta galdu duen bikoteak aterako du; eta hirugarren setekoa, ordura arte tanto gehien egindako bikoteak. Berdinketa balego, epaileak txapa jaurtiko luke erabakitzeko.
Finala nork jokatuko duen, berriz, ligaxkaren sailkapenak erabakiko du. Bi taldeetako sailkapenaren buru dauden bikoteek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bi bikote berdinduta baleude, elkarren arteko partidan onena izan den bikotearentzat izango litzateke finalerako txartela. Hiru bikotek edo gehiagok berdintzen badute, tanteo globala hartuko dute kontuan.
Ostiralean izango da lehen jardunaldia eta bi partida jokatuko dituzte: batean, Aldabe-Juanenea bikotea eta Gurrutxaga-Larrañaga bikotea ariko dira aurrez aurre; bestean, Urriza-Apezetxea eta Ezkurra II.a-Martirena. Urriaren 13an eta 20an izango dira beste bi jardunaldiak; eta final handia urriaren 27an izango da. 19:00etan hasiko dira jardunaldi guztiak, eta Izarraitz pilotalekuan izango dira.
Gonbidapenak eskuragai
Bost euro balioko dute sarrerek, baina herritarrek gonbidapenak lortzeko aukera izango dute Loiolako turismo bulegoan eta ISBren Garagardo Azokan, eta partidetan zozketak egingo dituztela aurreratu zuen Gonzalezek.
Finalaren egunean, berriz, 17:30etik aurrera, umeentzat Jai Alai Active Experience antolatuko dutela iragarri zuen Oriamendi 2010 enpresaren arduradunak. «Pandemia aurretik egin genuen lehen aldiz Azpeitian, ume mordo bat etorri zen erremontea probatzera, eta aurten gauza bera egitea nahi genuke».
Aurkezpen ekitaldia elkarri eskerrak emateko baliatu zuten Azpeitiko udal ordezkariek eta Oriamendi 2010 enpresakoek. «Urte askoan profesional eta zale asko izan ditu erremonteak herrian, eta, horri lotuta, pozgarria da inguruko erremontistak ikustea aurtengo txapelketan», nabarmendu zuen Oteizak.