24 urterekin hasi zen profesionaletan, eta etziko hori da buruz buru jokatuko duen lehen finala. Lesioen gurutze-bidea gainditu du.
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Kazetariak palistekin finaletan bakarrik gogoratzen garela bota digu hasi berritan, baina esker onez egin digu harrera gero. Ezkertia eta atzelaria, palak duen jotzailerik bortitzenetakoa da. Ongi hausnartuta erantzuten die galdera guztiei Juan Rekaldek (Iruñea, 1971), eta finalaren gakoa aukeran jarriko dituzten pilotak izango direla dio behin baino gehiagotan.
Beti izan duzu zerbait buruz buruko txapelketan, baina aurten ez. Aurten finaleraino.
Nire ibilbideari begiratuta, oztopo berbera izan dut beti buruz burukoan: lesioak. Duela bi urteko txapelketan belauneko lotailu gurutzatua apurtu nuen, eta beste urteetan ere beti izan dut haragi-etenen bat edo horrelakoren bat. Eta kasualitatea izango da, baina nire kirol ibilbidean izan ditudan lesio bakarrak dira. Besterik ez dut izan.
Aurten oso-osorik eta finalera.
Nik, egia esan, urtero bezala prestatu dut. Urteroko ilusioarekin eta urteroko arretarekin.
Eta txapelketarik gogorrenean, lesiorik ez.
Niretzat ez da txapelketa gogorrena izan. Horren txapelketa luzea izanda, partidak aukeratzea izan da kontua. Partida garrantzitsuak zeintzuk ziren jakitea. Urratsez urrats joan eta egoki aukeratzea. Unda I.aren eta Lujanen lesioak ere erabakigarriak izan dira, noski. Sailkapenean eragina izan du horrek.
Lehiaketa sistema gustatu egin zaizu, beraz?
Inondik inora ere ez. Ez zait batere gustatu. Egia esatea nahi baduzu, lehiaketa sistema hau amesgaizto bat bezalakoa izan da. Lehiaketa sistema egokia eskailera da, kanporaketak partida bakarrera jokatzea.
Moralez gainezka egongo zara. Fusto zen faborito nagusietako bat, eta finalerdietan kanporatu zenuen.
Moralez ez nago ez hobeto ez okerrago Fustori irabazi niolako. Berdin-berdin nago. Jendeak pentsatzen du ligaxkan 9 tantotan utzi ninduelako dena egina zeukala. Ligaxkako partida ligaxkako partida da, eta finalerdietakoa, partida garrantzitsu eta erabakigarria. Erabat ezberdinak dira, eta bakoitzari duen garrantzia eman behar zaio. Fustori irabazi niolako ez naiz beste inor baino hobea, eta Fustoren kontrako partida hura galtzeari ere ez nion daukan baino garrantzi handiagoa eman. Esan eta egiten denaren arabera jokatu behar da. Gaubekaren kontra daukat finala, eta badakit erabakigarriak izango direla partida horretarako jarriko dituzten pilotak.
Nola eragin dezakete? Zer pilotari mota da Gaubeka?
Gaubeka palista teknikoa da, oso pilotari abila. Pilota saltaria komeni zaio hari, alaia, erraz erabil dezakeen horietakoa. Goitik oso ongi ematen dio pilotari, eta jokaldia egiten oso ongi daki. Partidako giltza materiala da. Pilota zozo samarrak jartzen badituzte, erraz mugi daitezkeen horietakoak, Estebanek min handia egin diezadake. Pilota sendoak ateratzen badituzte, erabiltzeko zailagoak, nik izango ditut aukera gehiago.
Bera aurrelaria eta zu atzelaria izateak zertan eragin dezake?
Nik beti esan izan dut aurrelariek abantaila dutela buruz burukoan. Tantoak aurreko koadroetan erabakitzen dira, 10. koadrotik tantoak egitea oso zaila da. Laugarren eta bosgarren koadroetan egiten dira tantoak eta bera hor aritzera ohituta dago; ni ez. Hori bere alde izango du.
Zuk esandakoa da: «Buruz buru jokatzea sufritzeko jokatzea da».
Buruz buru jokatzea sufritzeko jokatzea da. Egia da. Oso txapelketa gogorra da. Piloteatu gutxi egiten da eta sufritu asko.
Gaubeka, Fusto, Lujan… jende berria sartu da palan. Insausti, Juan Pablo, Daniel… joan ziren. Zer da, erreleboaren garaia?
Palak behar beharrezkoa zuen horrelako aldaketa bat. Palista beterano on askoak bazeuden, baina jende berria behar zen. Behetik gora datorren jendea, jokatzeko beste modu bat duen jendea. Gaubeka eta Fusto orain, Lujan lehenago, Imanol bezalako atzelariak berriki. Ez da erraza jende gaztea sartzea, modalitate zaila delako eta gutxi sustatzen delako. Orain lortu den taldea, ordea, maila handiko taldea da.
Zerorrek esan duzu, gutxi sustatzen da pala.
Hori agerikoa da. Federazioek ez dute ezertan laguntzen, ez da materiala lortzeko erraztasunik ematen, ez dago pala eskola ofizialik… Pena da, baina halaxe da.
Eta zuek barrutik nola bizi duzue zuen modalitatearen egoera eskas hori?
Etsi samar. Nik urte dezente daramatzat honetan, eta ez da zure esku dagoen zerbait ere. Nik ezin dut egun batetik bestera jankide izan sukaldaria banaiz. Horrekin ez dut aitzakiarik jarri nahi, baina erantzukizuna hartu behar dutenak pilota kudeatzen dutenak dira.
Eta komunikabideok barne.
Hori da beste gai bat. Jendea askotan ez da akordatzen ibai bat badagoela gainezka egiten duen arte. Binakako txapelketaren finala iritsi eta egunean hiru dei izaten dituzu, buruz burukoaren finalera iritsi eta beste lau. Horrela urtero. Egunkariak irakurtzeko ohitura duen jende askok esaten dizu: «Aizu! Zertan zabiltza? Ez duzu jada jokatzen? Ez dut inon ezer irakurri». Azaldu behar diozu zuk betiko moduan jarraitzen duzula, astero aritzen zarela, baina ez dizula inork kasurik egiten.