ARBE-MANCI vs URKO-SALEGI: 15-13, 15-9
COSME-BAILO vs GONZALO-URANGA: 15-12, 15-10
Bi bikote hauetako bat Eusko Label Winter Series txapelketan izango da. Cosme Agirre eta Ruben Bailok osatutakoa, edota Jokin Arbek eta Mikel Manzisidorren artekoa. Zain daukate Pro Am-eko garaileei dagokien kamiseta laranja, gaur Zumaian Pro Am-eko finalera sailkatu ondoren.
Giro polita sortu da Aitzuri pilotalekuan, tartean baitziren herriko hiru pilotari, baina gainerako herrietako pilotazaleak ere elkartu dira Zumaian. Lehenego partidua polita eta parekatua izan da lehenego setean. Urko Lekerikabeaskoa gernikarrak ondo bilatu du «txula» hasierako tantuetan eta bi aurrelarien sahietseko erremateak ere ikusi ditugu partida hasiera horretan. Bai Arberenak, bai Urkorenak. Bina, hiruna, launa, bosna eta seina egin dute. Gorriek pare bat tantuko aldea hartu dute markagailuan (Arbek txik txakez egin du 9-7koa eta Urkoak errebotean dejadaz 9-8koa). Urdinek hamarna berdintzea lortu dute, 11-11, 12-12 eta 13-13 ere joan dira eta azken txanpan Arbe eta Manzi gehiago izan dira, partidu piloteatu honetan. 15-13.
Bigarrenean ostera, 8-2 hasi dira gorriak aurretik eta alde handia izan dute momentu oro (7-1, 9-3, 14-4). Urkok hutsegite gehiegi egin ditu bigarren joko honetan. Bost tantu jarraian egin dituzte azkenean baina partidari buelta ematea ia ezinezkoa zen. 15-9, bigarren seta eta garaipena, Arbe eta Manzisidorrentzat.
Beste finalaurrekoan, lautik hiru zumaiarrak izan ditugu, laugarrena berriz Ruben Bailo nafarra, Noaingoa. Azken honek eta Cosme Agirrek lortu dute garaipena, 2 set eta 0 Gonzalori eta Urangari irabazita. Sakean pare bat huts egin ditu partida hasieran agirretar anaietan gazteenak. Berdinketa ugari izan dira, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7 eta 10-10. Urangari xisteraren uztaia ere hautsi zaio set amaieran eta gorriek irabazi dute jokoa, Cosmek zabalean egindako azken tantuari esker. 15-12.
Bigarren joko hau, lehen partiduaren antzerakoa izan da. Lehen seta gutxigatik galdu dute urdinek bi partidetan, eta bigarren jokoa ezinean hasi dute. Bai Urkok eta Salegik eta baita, partida honetan, Gonzalok eta Urangak ere. 4-1 eta 9-2 aurreratu dira gorriak. Txik txakez, txulaz eta txapa gainean moztuta egin ditu tantuak Cosmek, Gonzalo anaiak sahietsez barruan eta bi paretez ere amaitu du. Baina aldea handia izan da. 14-5etik 14-10era urreratu dira urdinak, baina gorrien azken tantuarekin, 15-10 amaitu da partida.
Esan bezala, giro oso polita Aitzuri pilotalekuan eta asteleheneko finalera begira jarrita dagoenko zale guztiak. ARBE-MANCI edo COSME-BAILO, ea zein izango den Winter Serieserako sailkatuko den bikotea. Etxekoen babesa izango du aurrelari zumaiarrak. Beste herrietatik ere joango dira Aitzurira, Arbe, Manci eta Bailo animatzera. Asko dago jokoan!