Martin Alustiza: «Frontis bezalako enpresa bat behar-beharrezkoa zen»

Segurako aurrelariak joan den larunbatean bereganatu zuen Nafarroako Lau eta Erdikoa

Gara
Martin Alustizak irabazi zuen joan den larunbatean amaitu zen Lau eta Erdiko Irekia. Frontis enpresak Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Errioxan lehiaketa bana antolatuko du, eta bakoitzean puntuak banatu. Sailkapeneko zortzi onenek Masterra jokatuko dute. Bertan, lizentzia profesionala duen edozein pilotarik joka dezake.

Alustiza ez zen finala irabazteko faboritoa, baina berak lortu zuen. Finalerdietan, Errandonea menderatu zuen, eta finalean, Armendaritz. «Oso gustura nago, batez ere jokatzen ari naizelako. Gero, garaipenak etortzen badira, hobeto», esan zuen Segurakoak.

Armendaritzen aurka faborito ez izatea normaltzat jotzen du: «Bera gu baino gazteagoa da eta puntako pilotaria. Normala da gure lehiaketetan bera izatea faboritoa». Antolatu duten lehiaketa berri horrekin, oso gustura agertu zen. «Nik uste dut hori dela jarraitu beharreko bidea. Beste txapelketa enpresek nahi duten bezalakoa da. Hemen, berriz, edozein pilotarik joka dezake, eta horren arabera banatzen dira puntuak, eta horren arabera egiten da sailkapena. Pilotariak maila pilotalekuan erakutsi behar du», esan zuen.

Hala eta guztiz ere, Frontis enpresako pilotariak bakarrik izateak pena ematen dio: «Horrela da. Normala da Asegarce edo eta Aspekoak ez izatea, baina Garfeko, Besagaineko edo Botivoleako inor ez izatea penagarria da. Hor, esaterako, Otaegirentzat edo Imazentzat aukera ederra zen. Biak erakutsi dute zer maila duten, eta hemen ez jokatzea ez da gehiegi ulertzen. Hau amaitu da, eta orain Bizkaikoa etorriko da, eta hor izango dute aukera bat».

Frontisen ere oso gustura dagoela onartu zuen: «Oso gustura nago. Udan partida asko jokatu ditugu, eta neguan ere jokatzen ari gara. Gero, gure artean, oso giro ona daukagu, eta ilusioa ematen dizu horrek guztiak. Udan denentzat daude partidak herrietako jaiak izaten direlako, baina neguak kezkatzen gintuen; hori ere ongi ari gara gainditzen, ordea». Aurrelari gipuzkoarrak garbi du Frontis behar-beharrezko enpresa bihurtu dela: «Garbi dago Aspen eta Asegarcen denentzat ez dagoela lekurik, eta gazteak aurrera eramango dituen beste enpresa serio bat ere behar zela. Gainera, bi enpresa handietan 30 urte baino gutxiagoko pilotari asko geratzen dira kalean, maila ona dutenak, eta haientzat ere lekua izatea ederra da».

Azkenik, Ligaren Lau eta Erdikoan faboritoa zein den garbi du: «Gaur egun Olaizola II.a besteen gainetik dago. Aurten Barriola oso ongi dago, baina nik uste dut Olaizola II.a dela faborito. Berari irabaztea oso zaila da».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE