Esteban Gaubeka x palista
Duela bi urte eskas, Iruñeko Munduko Txapelketan ari zen, afizionatu mailan. Larunbatean, buruz buruko finala jokatuko du.
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Ez da erraza izan harekin hitzordua egitea. Joan den astean lapurtu zizkioten diru zorroa eta sakelakoa, eta etxean harrapatu dugu azkenean Esteban Gaubeka (Armintza, 1977). Ekonomian lizentziatu berria lan bila ari da, euskara ikasle ohia ez dela ongi moldatzen abisatu digu, profesional mailako palak duen txapelik preziatuena izango du jokoan larunbatean.
2002an Munduko Txapelketa jokatzen ari zinen Iruñean, eta larunbatean profesional mailako final nagusia jokatuko duzu. Azkar ari zara.
Ez ezazula pentsa. Lasai ari naiz ni palan. Debutatu nuenetik beti tokatu zait finalen bat edo beste jokatzea, ez da ohituta nagoelako, baina finalak jokatzeak ez nau ezustean harrapatzen.
Baina zure bilakaera benetan ona dela ezin duzu ukatu.
Hori egia da. Profesionaletan daramatzadan bi urteen balantzea benetan ona da. Ongi ari naiz jokatzen eta tituluren bat irabazteko aukera ere izan dut.
Pilotari erregularrena izan zara.
Lehen postuan sailkatu naiz. Galanen kontra bakarrik galdu dut. Gustura nago egin dudan txapelketarekin. Uneotan palistarik onena Fusto dela diote eta hari irabazita arantza atera dut. Gustura nago.
Ezuste handi samarra izan da hura finaletik kanpora gelditzea?
Baietz esango nuke. Txapelketa hasi zenean ia denek sartu zuten finalean, baina Rekaldek oso ongi jokatu omen zuen haren kontrako finalerdia.
Zuk zeuk txapelduna utzi zenuen kanpora. Horrek ere zerbait esan nahiko du ezta?
Horrela da. Iaz berak utzi ninduen ni txapelketatik kanpora, aurten kitarakoa hartzeko aukera izan dut.
Oso ongi ari zara azken boladan.
Gustura ari naiz. Txapelketari oso indartsu ekin nion eta gerora ere asmatu dut. Galanen kontrako partida horretan egin nuen kale, eta Iriondoren kontrakoan ere ez nintzen oso gustura aritu. Beste bostak nahiko ongi jokatu ditut. Fisikoki ongi nago.
Beharra ere bai ezta? Horrelako txapelketa luze bati aurre egin ahal izateko?
Oso luzea izan da. Sei-zazpi partida jokatu ditugu, eta txapelketakoez gain binakakoak ere bai. Nik nahiago dut partida asko jokatzea, hobeto moldatzen naiz.
Baina horren txapelketa luzea…
Egia da bi multzo egitea agian aproposagoa litzatekeela. Min hartutakoak-eta izan dira, baina nik ez dut arazorik izan eta ez dut horren gaizki ikusi.
Nork harritu zaitu gehien?
Lujanek uste nuen lan gehiago emango zigula. Bizkarreko minez ibili da eta agian horregatik izan da. Galan ere ongi ibili da, baina azkenean finalerdietatik kanpora gelditu da.
Rekalderen kontra finala.
Biok gaude sasoiko. Errespetu handia diot, betitik. Onena ez bada, atzelaririk onenetakoa da. Izugarrizko abiadura ematen dio pilotari eta ezkertia da, gainera. Sakatzen ongi moldatzen da eta kantxan ere asko ibiltzen da. Ezker beso horrekin asko jokatzen du, eta tantoa dominatzen uzten badiozu jai daukazu. Zaila izango da beraz hari irabaztea, baina ez ezinezkoa.
Mugitu egin beharko duzu?
Hori da. Pilota zabaldu egin beharko dut eskuin aldera, eta ahal dudan guztia egin ekimena berak hartu ez dezan. Berak dominatzen banau, jai daukat.
Rekalderen ezaugarriak dira horiek. Zeintzuk dira Gaubekarenak?
Nahiko erraz gozatzen dut pilota eta dezente atzeratzen dut. Sakearekin ez naiz bereziki ongi moldatzen, baina pilota baztertzen badakit eta pasako arrastotik hurbil jartzen ere bai. Piloteoari eusten dakit ongien, kosta egiten zait tantoa galtzea, eta arriskatu behar denetan arriskatu egiten dut.
Buruz buru eroso aritzen zara.
Egia da. Gustura aritzen naiz. Binaka ere bai, baina buruz burukoa bereziki gustatzen zait. Zortzi t’erdiko txapelketa ere irabazi nuen. Ezberdina da banaka edo binaka aritzea. Hemen ardura guztia zeurea da. Zeurea da lan guztia eta nik horrelakoetan bereziki kontzentratuta jokatzen dut. Ez dira piloteo luzeak eta gauza guztiak ongi egin behar dituzu.
Izan al da jenderik zuen partidak ikusten?
Asko ez, egia esan. Azken urte hauetan joaten direnak beti joaten dira. 50-60 dira eta ia denak ezagutzen dituzu azkenerako.
Ez ote dago konponbiderik hori hobetzeko?
Guk ez daukagu asko egiterik. Ahalik eta ongien jokatzea da gure lana, eta hortik aurrerakoa guztia gure enpresako arduradunei dagokie.