Eusko Label Winter Series
7. jardualdia, A multzoa
Jai Alai League
GOIKOETXEA-LEKERIKA vs GOITIA-BASQUE: 15-14, 15-5
Sarrerak agortuta
Goikoetxea eta Lekerika Winter Serieseko finalerdietan daude. Ligaxkako hiru partiduak irabazi dituzte, hiruretan 2-0 gailendu dira eta A multzoko lehengo postua bermatuta daukate jada. finalerdietara sailkatu den lehenengo bikotea dira eta bi multzoak kontuan hartuta, ligaxkako onena. Beste bikote guztiek galdu dute, gutxienez, set bat. Goikok eta Lekerikak ez. Jokatutako sei jokoak irabazi dituzte eta hauetako bost errez. Gaurko partidan estutu dituzte gehien, kasu honetan, Goitiak eta Basquek. Hamalauna berdindu dute baina partidaren une zail horretan, horma biko itzela bota du Lekerikak eskumaz. Tantu horrekin irabazi dute seta eta hortik aurrera, etsipenez, aurkariek ezin izan dute bururik altxatu. Pilotazaleok, beste bi aldiz ikusiko dugu Goikoetxea Gernikan, betirako erretiroa hartu aurretik.
Bizi hasi da partida eta bizi ekin diote norgehiagokari aurrelariek. 0-1ekoa, Goitiak atzean. 1-1, Goikoetxeak sahietsetik. 1-2, Goitiak barruan utzita. Hortik aurrera, piloteoa nagusitu da. Pelota motelagoarekin, jokoa dominatu du Basquek bere errebes indartsuarekin. Kantxan ere asko ibiltzen da, pilotaren bila aurrera jo eta tantuaren agintea hartuz. Baina Lekerikak segurtasun gehiago erakutsi du. Huts gutxiago egin ditu, ezker horman asko baztertu du eta pilota bizitu denean, bikote marroia nagusitu da. Hala ere, 2-2, 3-3, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7 berdindu dute lehen joko honetan. Tantu ederrak ikusi ditugu hor: Goitiak bote-prontoan sartu eta hormabikoa; Goitiak berak barrura sahietsez; Goikok txapagainean; Basquek horma-bikoa albotik…
Atsedenaldira Goitia eta Basque iritsi dira aurretik (7-8) baina zazpitik hamaikara joan dira zuzenean marroiak (11-8). Huts batzuk tarteko, 13-11 eta 14-12 joan dira markagailuan, baina azken txanpa horretan partida berdintzea lortu dute gazteek. Hor izan dute partida Goitiak eta Basquek. 14-14 doazela, seta irabazteko aukera izan dute baina Lekerikak ez die utzi. Goitiak sakea atera, gernikarrak 10 terdian eskumaz hartu eta hormabiko itzela bota du momenturik zailenean. Publikoa gora-gora jarri du eta txalo zaparrada handi batekin erretiratu da aldageletara.
Bigarren jokoan, 4-0 eta 8-1 hasi dira faboritoak eta gazteak berriz, nahi eta ezinean aritu dira. Pilota motela atera dutenean, lau tantura urreratu dira (8-4) baina marroiek berriro eurena atera dutenean, dantzan jarri dituzte berriz aurkariak. Goikoetxeak itxi du partida, sake errestoan hormabikoa botata. 15-5.
A multzoko 2. posturako lehia zabalik dago eta urtezahar egunean jokatuko da partidu garrantzitsua: Goitia-Basque vs Olharan-Del Rio. Lehenengoek irabazten badute, finalerdietan izango dira. Olharan eta Del Rio nagusitzen badira, beste partidu bat jokatu beharko dute Erik eta Minviellen aurka, Azken hauek ez baitaude oraindik matematikoki kanporatuta.
A MULTZOA
1. Goikoetxea-Lekerika ……………….. 12 pt (+40)
2. Goitia-Basque ………………………….. 4 pt (-6)
3. Olharan-Del Rio ……………………….. 0 pt (-16)
4. Erik-Minvielle …………………………… 0 pt (-18)
Datorren astelehenean, 8. jardunaldia, B multzoari dagokion partida: JOHAN-LOPEZ vs ARBE-MANCI