* Eta Arbe eta Manci, lehen kanporatuak
Eusko Label Winter Serie
8. jardunaldia, B multzoa
JOHAN-LOPEZ vs ARBE-MANCI: 15-14, 15-7
Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek bukatu dituzte ligaxkako lanak. Arbe eta Manciren aurka 2-0 irabazi ondoren, finalerdietara sailkatu dira eta momentuz, B multzoko lehen postua eurena da. Guztira 9 puntu eskuratu dituzte: bi garaipen eta porrot bat. Bi garaipen horietan baina, lehen seta galtzear izan dira 14-14 joanda. Bai Laduche eta Gorkaren aurka, eta bai Arbe eta Manciren kontra ere. Gaurko partidan gainera, seta bideratuta izan dute. 14 eta 10 ziren aurretik, erlaxatu egin dira, aurkariek gogor jarraitu dute eta azkenean baita 14-14 berdindu ere. Intentsitate eta tentsio handiko tantua jokatu dute. Luzea. 44 pilotakada. Piloteoan gogor eutsi du Mancik, azkenean iritsi da Arberentzako pilota, aurre aurrean horma-bikoa errematatu eta… kanpora joan zaio zentimetro gutxi batzuengatik. Hala ikusi dute epaileek zuzenean eta ez dute iritzia aldatu, Arbek errepikapena eskatu ondoren ere. 15-14 lehen seta bikote horiarentzat, eta hortik aurrera kosta egin zaie laranjei moralari eustea.
Partida oso kontzentratuta hasi dute Jokinek eta Mikelek. Euren aurkariek baino kontzentratuago. Lehen partidan eman zuten irudia hobetu nahi zuten eta baita lortu ere lehenego jokoan. Serio aritu dira eta Johane eta Lopez aldiz, apur bat deskoordinatuta. Lehen tantua, Arbek bote-pronto sartu eta hormabikora bikain botatakoa izan da. 1-4 jarri dira aurretik laranjak eta 6ko kartoira arte ezin izan dute berdindu horiek. Oso ondo landutako tantua izan da, eta aurrelari lapurtarrak barruan bikain amaitutakoa. 7-6koa, bederatzi koadrotik egin du Johanek, horma-biko itzela errebotetik. 8-6ko ere errebotean, gerria asko sartu eta pilotari indar handia emanda. Eta 9-6koa, zabalean, Arbe engainatuz.
Tantu horietan erakutsi dute horiek euren nagusitasuna. Eroso aritu dira kantxan eta esan bezala, 14-10 iritsi dira azken txanpara. Baina, Mancik txulara lehenbizi (14-11), Arbek errebotean ondoren (14-12) eta huts batzuk ere tarteko, 14-14 berdindu dute laranjek. Azken tantoa, lehen kontatu dizueguna, Arbek kontra-kantara gutxigatik botatakoa. 15-14.
Bigarren jokoan, konturatu orduko, 5-1 jarri dira aurretik horiak. «Zalantzen txokoa» bigarren aldiz eskatuta, tantu bat zuzentzen ere ahalegindu dira laranjak baina konbentzimenduz baino gehiago, zerbait egin beharrez. 8-3, 12-4 eta 15-7, nagusi izan dira Sorozabal eta Lopez eta merezitako garaipena lortu dute. Arbe eta Manci, txapelketa honetako lehen kanporatuak dira. Azken partida irabazita ere, ez dute finalerdietara sailkatzeko aukerarik. Lehen seteko azken tantuagatik pena izango dute, baina joko horretan bikote moduan aldarrikatu dira, eta beste partida bat dute gozatu eta aho zapore onarekin txapelketa bukatzeko.
Johanek eta Lopezek aldiz, zuzenketa batzuk egin beharko dituzte. Jokatutako hiru partidetan, estuasunak izan dituzte, beti ere, lehenego setean. 15-6 galdu zuten Erkiaga eta Ibarluzearen kontra (Aritzen ikuskizuna!), 15-14 irabazi Laduche eta Gorkaren aurka (Laduchek bi pasa atera zituen, 14-13 aurretik zirela) eta Arbe eta Mancik ere, seta irabazi diete ia ia. Euskal Telebistari aitortu dioten bezala, hutsak orain egin behar dira, finalerdietan ez dago horretarako aukerarik eta.
B Multzoa
1. Johan-Lopez ………………. 9 pt (+7)
2. Erkiaga-Ibarluzea ………… 7 pt (+29)
3. Laduche-Gorka ……………. 0 pt (-8)
4. Arbe-Manci ………………….. 0 pt (-28)
Frontoian gaur ere giro itzela, tartean, Angelutik iritsitako autobuskada bat, zale lapurtarrez beteta. Datorren astelehenean gogoratu ez daukagula partidarik, 9. jardunaldia urtezahar egunez jokatuko baita: Goitia-Basque vs Olharan-Del Rio. Eguerdiko funtzioa izango da.