Urtarrilak 22, 19:30tan
Eusko Label Winter Series
12. jardunaldia
OLHARAN-DEL RIO vs ERIK-BAILO (1. setean, 8-7)
ARBE-MANCI vs LADUCHE-GORKA
Ligaxkako azken jardunaldira iritsi gara. Jardunaldi berezia, bi partidu jokatuko direlako eta azken unera arte, finalerdietako bikote bat jokoan izango delako. Lehengo astean, lehen seteko atsedenaldian eten behar izan zen partida (Olharan-Del Rio vs Erik-Bailo) eta markagailu horretantxe ekingo diote bihar. Asko dago jokoan eta partidaren hainbat ezaugarri aldatu egiten dira:
1- KONTZENTRAZIOA: Partida 8 eta 7an hasten da eta beraz, pilotariek ez dute norgehiagokan apurka apurka sartzeko tarterik. Huts bat edo bi eginez gero, seta galdu dezake bikote horrek. Lehen tantoa bera garrantzitsua izango da. Edo berdinketa, edo bi tantuko aldea. Lau protagonistek kontzentrazio oso handia beharko dute, ez baitira zerotik hasten, partidaren une garrantzitsuenean baizik. Hasierako tantoetan zer gertatzen den, horrek erabaki dezake finalerdirako sailkapena. Gogoratu Erikek eta Bailok 2 eta 0 irabazi behar dutela, eta sei tantu edo gehiagoko aldearekin. Ez dago despistatzeko tarterik.
2- PILOTA: Lehen setaren erdian, pilota hotz egongo da. Hau da, ez dago pilotak berotu eta set erditik aurrera material biziarekin jokatzeko aukerarik. Ikusi egin behar nori komeni zaion eta nori ez pilota bizia, hori izango baita, lehen set horretan, kaltetuena. Del Rio da eskumarekin min gehien egiten duena baina Bailorentzat ere frontoi luzea izan liteke Gernika. Agian inori ez zaio komeni motela, baina material hotzarekin jokatuko dituzte, lehen seteko tantu erabakigarriak.
3- BIGARREN PARTIDA: Eguneko bigarren partidari dagokionez, lau pilotariren agurreko eguna da. Txapelketatik kanpo daude, bai Arbe eta Manci eta baita Laduche eta Gorka ere. Sailkapenik ez dago jokoan, baia ohorea bai. Zein da «norgehiagoka» hitzaren esanahia? Nor den gehiago erakustea. Ohorea. Bi mila lagunen aurrean partida bat behintzat irabaztea. Edo ikuskizuna eskaintzea. Helburu polit asko eta presio gutxi. Lasai jokatzeko aukera dute Jokinek, Mikelek, Ludovichek eta Gorkak.
4- ORDUTEGIA: Adi frontoira zoaztenok, asteleheneko jaialdia ohi baino lehenago hasiko baita. 19.30tan puntuan sakea, jaialdia luzeagoa da eta. Gainera, lehen partida momentu oso garrantzitsuan hasten denez, frontoira sasoiz joatea komeni, ezertxo ere ez galtzeko!