Emakumea pilotari

Lizentzia kopuruak behera egin duelako kezkatuta, lau urterako egitasmoa jarri dute abian emakumeen parte-hartzea sustatzeko

E. Telleria / Berria

Duela urte eta erdi hasi zen Gipuzkoako Pilota Federazioa emakumeen parte-hartze eskasarekin kezkatuta azken bost urteotan 81etik 43ra jaitsi da lizentzai kopurua arazoari konponbide bat nola eman hausnartzen. Atzo eguerdian aurkeztu zuen konponbidea izatea nahi lukeen egitasmoa: Emakumea Pilotari proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesean, hamar udalek egin dute bat emakumearen parte-hartzea sustatzea helburu duen egitasmo horrekin (Arrasate, Ataun, Azpeitia, Bergara, Donostia, Hernani, Hondarribia, Irun, Tolosa eta Zestoa), eta Ikaspilotaren eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen laguntza ere badute.

Mikel Amenabar Gipuzkoako Federazioko presidenteak eman zituen proiektuari buruzko argibideak kargu horretan egingo duen azken ekitaldi ofiziala zuen atzokoa. Egitasmoak hiru arlotan eragin nahi duela adierazi zuen Amenabarrek: eskola kirola, kirol federatua eta jolas kirola. Eta arlo bakoitzerako ezarritako helburuak eta ekintzak ezberdinak direla. Eskola kirolean, adin txikiko neskak pilotan aritu daitezen, Ikastolen Elkarteko erakundeekin elkarlanean jardutea aurreikusten da, jolasen bidez eskupilota eta pala landu, eta lehiaketak antolatu. Kirol federatuan, bestelakoak dira helburuak: «Emakume pilotarien gaur egungo kolektiboa proiektuan inplikatu nahi da, emakumeekin nolabaiteko dinamika daramaten elkarteak inplikatu nahi dira, eta diskriminazio positiboa ezarri nahi da Federazioaren Batzar Orokorrean eta Zuzendaritza Batzordean emakumeen parte-hartzea sustatzeko».Emakume pilotarien batzarra eta emakumearen batzordea sortzea dituzte aurreikusita, ekintzen barruan. Baina bi alor horietan parte hartu nahi edo parte hartzerik ez dutenen beharrei ere erantzun nahi die federazioak partaidetzako kirolaren bidez. Eskuz Binakako Gipuzkoako txapelketa herrikoia antolatzeko asmoa dute horretarako, eta herriko festetan emakumeei zuzendutako pilota jarduerak sustatzea (barrene herrikoiak, neska federatuen arteko norgehiagokak…).

«Ilusioa pizten digute horrelako ekimenek»

Pilota munduan ari diren bi emakumezko mintzatu ziren atzoko prentsaurrekoan euren esperientzien berri emateko: Garbiñe Tejero eta Ane Lujanbio hernaniarrak entrenatzailea bat, eta pilotaria bestea. Duela 14 urte hasi zirela gogorarazi zuen Tejerok, gorabehera handiak izan dituztela geroztik, Hernaniko kasua salbuespena dela, baina beste herri gehienetan pilotan aritzen diren neskak falta direla. «Ilusioa piztu digute horrelako ekimenek, beste herrietako jendea ere animatu egingo delako horrela. Pilotariak behar ditugu, baina arduradunak ere bai», nabarmendu zuen.

Fernando Tapia Gipuzkoako Aldundiko kirol arduradunak azken urteotako joera negatiboari aurre egitea «erronka» dela adierazi zuen. «Emakumeak pilotan aritzea benetan garrantzitsua da, baina zuzendaritza organoetan parte hartzea are garrantzitsuagoa».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE