Maratoiaren azken urratsak

Gaubeka-Ziskar II.a eta Fusto-Rekalde, Euskadiko Banakako Pala Txapelketako finalerdietan

IMANOL MAGRO / Berria

Atzo arratsaldean bukatu zen Euskal Herriko Pala Txapelketaren sailkatze fase ia bukaezina. 28 partidako ligaxkaren ondoren, buruz buruko txapelketan jada jakinekoa da zeintzuk izango diren finalerdietako protagonistak. Esteban Gaubekak Luis Ziskarren aurka jokatuko du abenduaren 11n, Pablo Hernan Fustok, berriz, heldu den astelehenean neurtuko ditu indarrak Juan Rekalderekin.

Aurtengo buruz burukoa antolakuntza eskasaren eredu izan da. Eusko Basqueko presidente Aitor Totorikak aurkezpenean esandakoaren arabera, guztiak guztien kontrako diseinuarekin eskailera eredu zaharkitua alde batera utzi nahi zuten. Eskailera eta zortzi palisten arteko ligaxkaren artean beste antolakuntza eredurik ez balego bezala. Agerpen berean enpresaburu durangarrak «palista guztien maila altua» izan zuen hizpide ligaxkaren beharra argudiatzeko.

Eguneroko jarraipenean, ordea, esperimentuak ez du espero zen emaitzarik lortu. Diseinu berriak gehiegi luzatu duelako final-laurdeneko sailkatze fasea. Guztira hogeita zortzi ziren jokatu beharreko partidak, lesionatuek jokatzerik izan ez dituztenak zenbatuz, eta hainbeste partidak txapelketaren jarraipen egokia gehiegi zaildu dute.

Lesioen traba

Eredu hain luzearen beste traba lesioak izan dira. Batetik, min txikiengatik egin beharreko atzerapen eta jaialdi aldaketak ugari izan direlako; bestetik, lesio larrien eragozpena kontuan hartu ez zutelako. Bi izan baitira arazo fisikoengatik txapelketari adio esan behar izan dioten palistak: Unda I.a eta Lujan.

Iazko txapeldunorde Unda I.ak zuntz haustura izan du eta sailkapeneko azken postuan bukatuko du ligaxka. Aurkezpenean azaldurikoak betez gero, iazko txapeldunordeak bigarren mailako txapelketa jokatu beharko luke heldu den urtean. Vladimir Lujanek ere, ziatikak jota, azken partida jokatzeke utzi behar izan du. Bakoitzak jokatzerik izan ez duen partida bakoizta galdutzat eman zaio, irabazitakoak, ordea, berean mantendu dituzte.

Gaubeka eta Fusto onenak

Antolakuntzaren gabezietaz haratago, txapelketak bi dominatzaile izan ditu: Gaubeka eta Fusto. Biek ala biek beste palisten gainetik daudela erakutsi dute, bakoitzak seina partida irabazi ditu eta finala jokatzeko faborito nagusiak dira. Biak elkartu zituen norgehiagokan armintzarra izan zen nagusi (35-31).

Ziskar eta Rekaldek, berriz, erregulartasun gutxi erakutsi dute. Iruñeko atzelariak bost partida irabazi baditu ere, ez du joko handirik erakutsi. Eredu garbiena Fustoren aurka, alegia finalerdietako aurkariaren kontra, jokaturiko partida da. Ordukoan nafarrak 35-9 galdu zuen. Iazko txapeldun Luis Ziskar, berriz, erasoan ondo aritu bada ere defentsan erraztasun gehiegi eman ditu. 35-29 galdu zuen Gaubekaren aurka.

Sailkapena

Jo Ir Ga TA TK Pt

1. Gaubeka 7 6 1 241 171 6

2. Fusto 7 6 1 240 130 6

3. Rekalde 7 5 2 210 148 5

4. Ziskar II.a 7 3 2 216 201 3

5. Galan 7 3 4 180 181 3

6. Lujan 7 3 4 178 188 3

7. Iriondo 7 1 6 188 210 1

8. Unda I.a 7 1 6 61 239 1

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE