ERIKA ETA MAIALEN, DESENPATEAN TXAPELDUN

Jai Alai News

Euskotren Winter Series, Finala

HELANA-ARAI vs ERIKA-MAIALEN: 15-10, 11-15, 1-5

Erkiaga vs Johan: 9-12, 10-12 (Banakako Seriesa)

* Bikote horiak buelta eman dio markagailuari eta garaipen handia lortu du

* Erika Mugartegik jaso du pilotari onenaren saria

* Markina-Xemeingo aurrelariak bigarren urtez jarraian irabazi du Winter Seriesa

* Aldazabalek oso partidu segurua egin du eta emozio handiz, «zeruan dagoen izar berri bati» eskeini dio txapela.

Erika Mugartegik eta Maialen Aldazabalek garaipen handia lortu dute gaur Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Frontoia lepo beteta, sarrerak aurrez agortuta eta ikusmina hain handia izanda, gai izan dira egoerari buelta eman eta hasiera txarra zuzentzeko. Ez da batere erraza eta are gutxiago duten adinean. Hala ere lortu dute, eta halakoxea izan da ospakizuna. Emozioz betea. Zale guztiak zutik jarri dira lau pilotariak zoriontzeko baina txaloak ez dira izan soilik beraientzat, emakume puntista guztientzat baizik. Oraingoentzat eta beste garail zailago batzuetan, honako aukerarik izan ez zutenentzat. Emakumeen zesta-puntak pausu handi bat eman du Euskotren Winter Seriesarekin eta bigarren edizioak albiste on asko utzi dizkigu: joko-mailaren igoera, pilotari berrien freskotasuna eta publikoaren erantzun ikaragarria.

Esan bezala, partidaren hasiera ez da izan erosoa bikote horiarentzat. Erika, gerora partidako onena izango zena, urduri atera da kantxara. Asmatu ezinik. Eta egoera ondo aprobetxatu dute aurkariek. Helena eta Arai seguru aritu dira eta Durangoko aurrelariak tanto politak ere bukatu ditu aurrean (7-3). Baina apurka apurka, aurrelari markinarra jokoan sartzen hasi da, konfiantza hartzen eta atzean Maialenek ondo lagundurik, partiduak hartua zuen inertzia etetea lortu dute. Barrenetxeak eta Lejardik 4-5 tantuko aldea hartu dute, baina setaren bukaerara arte ez da diferentzia hori gehiago hazi (15-10).

Bigarren jokoan, 1-1, 2-2 eta 3-3 berdindu dute, bikote marroiak abantaila hartu baina 7-7 berdintzea lortu dute horiek eta hortik aurrera, horiena izan da nagusitasuna. Erikak min izugarria egin du, batez ere, pilota biziarekin. Benetako «misilak» bota ditu errebesez erreboteko hormara. Lejardik defentsa handia erakutsi behar izan du baina pilota gaitzak ere geratu zaizkio errebotean Helenari. Helenak hormabikoz egin du 8-9koa baina partiduko tantua Erikarena izan da. Piloteo gogorraren ondoren, markinarrak jokoan sartzeko aukera izan du, errebesez gogor atzeratu, aurrean pilota bilatu eta eskuinez horma-biko itzela bota du, pilota zabalean ezkutatuz (8-12). Marroiek ez dute etsi eta Araik meritu handiko tantua egin du eskuinez, 11-14. Hala ere, seteko azkena, Mailen Aldazabalena izan da, errebesez oso ondo jarritakoa: 11-15.

Azken jokoak bigarren setaren inertzia hartu du. Lehenengo tantua marroiek egin dute (1-0) baina handik atzerako beste bostak, horiek. Partidu amaieran besarkada handi bat eman diote elkarri Mugartegik eta Aldazabalek, eta zeruan dagoen izar berri bati eskeini dio txapela Berriatuko atzelariak. Ez izan zalantzarik, izar hori gaur irrifartsu baitago zerutik begira.

Finaleko galtzaileek normala da desilusioa izatea. Araik iaz lortu zuen txapela baina Helena Barrenetxeak ezin izan du irabazi. Hala ere, aurrerapausu handia eman du durangarrak. Duela bi urte eskaz, zesta-puntan aritzeko ganorazko frontoirik ere ez zeukan herrian eta orain, frontoia ez bakarrik, goi-mailako txapelketa ere badaukat, eta atzamar puntekin ikutu du garaipena. Hurrengoan izango da. Pazientzia eta lana.

ZORIONAK GUZTIOI!

* JOHAN SOROZABALEN EZUSTEKOA

Banakako Serieseko finalean, Johan Sorozabal aurrelari gaztea izan da garaile. Biarriztarrak bi set eta huts irabazi dio Aritz Erkiaga egungo txapeldunari (9-12, 10-12) eta partida guztian ez dio utzi kantxan eroso aritzen. Baliabidez bezala, konfiantzaz ere gainezka ikusi dugu Johan. Postura guztiak manejatzen ditu, errebote ona du, indarra, errematea eta defentsa ona. Ezker horman bikain sartzen da punpa-gora (bote-corrido) eta horri esker kantxa gehiago kubritu dezake. Gaur nagusi izan da Aritz Erkiagaren kontra. Ispasterkoak zazpi urte zeramatzan buruz buru partidarik galdu gabe.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE