Xalak ez du jokatuko Olaizola II.aren kontra; Barriolak entrenamendua egingo du gaur Iruñean, eta ondoren erabakiko dira erabaki beharrekoak
E. TELLERIA / Berria
Erabat aldrebestu da lau t’erdiko txapelketaren ligaxkako azken jardunaldia. Bi partidak kolokan zeuden atzo arte, eta bakarra dago kolokan orain. Olaizola II.ak eta Xalak igandean Eibarren jokatu beharrekoa ez dute jokatuko. Nagorek eta Barriolak larunbatean Iruñean jokatu beharrekoa jokatuko duten edo ez gaur jakingo da. Gaur jakingo da Barriolaren eskuin eskua nola dagoen, gaur jakingo da partida larunbatean bertan jokatuko ote den, ez ote den jokatuko edo astelehenean jokatuko ote den.
Ives Salaberri Xala-k ezker eskuan du min. «Hiperqueratosis batek eragiten dio oinazea, bigarren eta hirugarren atzamarren parean, eta min handia hartzen du pilota jotzean. Bi astez atseden hartu beharko duela deritzot», idatzi du Jose Maria Urrutia medikuak EPELi igorri dion oharrean. Ligaxkan jokatu dituen bi partidak galdu egin ditu Xalak, eta ez zeukan jada batere aukerarik finalera sailkatzeko. Eskuetako minak adina eragin dio udaren ostean pilatutako nekeak fisikoak eta burukoak. EPELek bertan behera utzi du partida, eta Olaizola II.ari eman (22-0).
Barriolaren saioa, Labriten, ateak itxita
Partida batenak argituta, bestearenak gelditzen dira argitzeko. Abel Barriolak eskuin eskuan du min, eta larunbatean partida. Ez du bere burua egun horretan jokatzeko moduan ikusten, eta partida astelehenera atzeratzeko eskatu dio enpresari «jardunaldia luzatzeko», Aspek adierazi duenez. Horren inguruan erabaki aurretik, ordea, proba gogorra eginarazi nahi diote pilotariari. Gaur arratsaldean izango da proba hori, Iruñeko Labrit frontoian, ateak itxita. Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoa, Jose Maria Urrutia Aspeko medikua eta Ibon Arakistain Aspeko komunikazio arduraduna izango dira bertan, besteak beste, Abel Barriolaren saioari so.
Han ikusitakoak ikusita erabakiko dira erabaki beharrekoak: larunbatean jokatu, ez jokatu edo jardunaldia astelehenera arte luzatu. Asegarce prest agertu da erabakia onartzeko.