ERKIAGA ETA URANGA, ZUMAIAN TXAPELDUN

ZUMAIAKO MASTER SERIESA-FINALA

Jai Alai League-ko 5. proba

ERKIAGA-URANGA vs URREISTI-MANCI: 15-9, 15-11

Emakumeen desafioa, ERIKA-FRIDA vs ELAIA-MAIALEN: 15-8, 15-12

Zesta-puntako jaun eta jabe da Aritz Erkiaga eta halaxe erakutsi du, beste behin ere, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Ligako bosgarren proba, Aritzek parte hartu duen laugarrena eta lautik lau txapel Ispasterkoarentzat. Orain artekoak Minvielle, Ibarluzea eta Mancirekin irabazi ditu (Cesta de Nadau, Winter Seriesa eta Lekeitio) eta azkena, Zumaiako Master Seriesa, Unai Uranga etxeko pilotariarekin. Bihar Donibane Lohitzunen jokatu du Aritzek. Cesta All Star-eko ligaxkako 2. jardunaldia eta Jai Alai Leagueko lehiaketa honetan Zabala jarri diote bikotekide. Laster jakingo dugu bostetik bost garaipen lortzen dituen edo bolada ikusgarri hau Campos Berri pilotalekuan bukatzen zaion.

Giro ikusgarria izan da Zumaiako Aitzurin eta hori bera albistea da. Ez soilik jendetza, giroa baizik. Gazte asko beste behin, jai alaiarekin ezin-hobeto pasatzen. Herrian goi-mailako pilotariak egon direnean baino jende gehiago batzen du orain zesta-puntak Zumaian. Finalerdietan zein finalean, pilotalekua leporaino beteta, ligak Gipuzkoan jokatu duen lehen txapelketa honetan.

Jaialdiko lehen partiduan Erika Mugartegi markinarra eta Frida Watkins zumaiarra nagusitu dira. Mugartegiren nagusitasuna ere bista-bistakoa da. Winterrean txapeldun, Lekeition garaipena, Zumaian ere bai… oso seguru ibili da gaurkoan ere Mugartegi. Berriatuko bi pilotariak, Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabalek, ondo ibili dira baina akats batzuk ere egin dituzte. Hori bai, Elaiak egindako bi tantuk txalo zaparrada itzelak jaso dituzte: sahietseko posturan zabalera eta eskumarekin, beste pilota bat, zabalera. Tanto ederrak izan dira eta jendeak asko gozatu du jokaldi horiekin. Garaipena hala ere, bi setetan, Mugartegi eta Fridarentzat, 15-8 eta 15-12.

Gizonezkoen finalean, Eñaut Urreistik ezin izan dio sakea kendu Erkiagari. Ispasterkoa sake askotara sartu da eta erremate asko egin ditu. Eroso aritu da kantxan eta igarri egin da, figura handi baten eta behetik gora datozen gazteen arteko diferentzia. Mutrikuarrek akats batzuk egin dituzte, Erkiagak eroso jokatu du eta Uranga zumaiarrak ondo bete du bere papera. Garaipen honekin, Jai Alai Leagueko lehen postua are gehiago egonkortu du Erkiagak, beste 1.000 puntu lortuta. 6.080 puntu ditu dagoeneko eta oso distantzia handia ateratzen die bere hurrengoei: Goikoetxea erretiratuak bigarren postuan jarraitzen du, Winter Seriesean eskuratutako 3.880 puntuekin eta Johan Sorozabal da hirugarrena, 3.690-ekin.

Cesta All Star

Zumaiako garaipenaren biharamunean, Cesta All Star-eko partida du Erkiagak Donibane Lohitzuneko Campos Berri pilotalekuan. Slam kategoriako torneoa da, 6 bikotek osatzen dute eta 2.000 puntu daude jokoan.

*Apirilak 9, 18:00tan. Ligaxkako bigarren jardunaldia:

ERKIAGA-ZABALA vs OLHARAN-BASQUE

LADUCHE-LEKERIKA vs LIBOIS-PORTET

Argazkiak atxikita

JAI ALAI LEAGUE 2023-24

1- OPEN INTERNATIONAL BIARRITZ: Goikoetxea-Lopez (urriak 26-28)
2- EUSKO LABEL WINTER SERIES: Erkiaga-Ibarluzea (urriak 30-otsailak 18)
3- CESTA DE NADAU-PAU: Erkiaga-Minvielle (abenduak 8-22)
4- LEKEITIO MASTER SERIES: Erkiaga-Manci

(martxoak 23-28)
5- ZUMAIA MASTER SERIES: Erkiaga-Uranga (apirilak 1-8)
6- CESTA ALL STAR-DONIBANE LOHITZUNE (apirilak 7-25)
7- ARABA EUSKARAZ MASTER SERIES (apirilak 13-26)
8- BILBAO IRON CUP (maitzak 3-ekainak 7)
9- MARKINA-XEMEIN GRAND SLAM (ekainak 15-uztailak 16)
10- INTERNATIONAUX CESTA PUNTA (uztailak 4-abuztuak 27)
11- URREZKO XISTERA BIARRITZ (uztailak 8-abuztuak 21)
12- PAU CUP (uztailak 12-irailak 6)
13- GERNIKA GRAND SLAM (uztailak 20-abuztuak 17)

14- FINAL FOUR (urria)

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE