Barriolak Nagoreren aurkako partida astelehenera atzeratzeko eskatu du

Eskuak hobera egin du baina ez du uste larunbatean jokatzeko moduan izango denik

Jon ORMAZABAL / Gara

Abel Barriolaren eskuin eskuak hobera egin du, baina Leitzakoak ez du uste larunbaterako jokatzeko moduan egongo denik, eta Nagoreren aurka Labriten jokatu beharreko partida astelehenera arte atzeratzeko eskaria egin du. Eskakizunak oraindik ez du erantzunik jaso, eta EPELen araudiak printzipioz ez du atzerapenik onartzen ­jokalariren batek jokatzerik izango ez balu, partida 22-0eko emaitzaz galdutzat emango litzaioke­, baina badira enpresek baiezkoa emateko arrazoiak.

Izan ere, araudiak esaten duenez, jardunaldia igandean jokatuko dute, eta atzerapena 24 ordukoa baino ez litzateke izango. Antzeko egoera bat izan zen 2002ko Lau eta Erdian bertan. Mikel Unanuek eta Aimar Olaizolak jokatu beharreko finalerdietako ligaxka igandean izatekoa zen, eta asteartera atzeratu zuten Goizuetakoak eskuko mina zuelako.Orduko hartan, jardunaldia igandean jokatzekoa zela eta partidak 48 ordu lehenago edo geroago joka zitezkeela esan zuten EPELeko arduradunek.

Hego Euskal Herrian jaieguna izanik, pilotalekura jende asko bertaratuko da, eta partida atzeratzeko oztopo nagusia telebista izan daiteke. Gauza da heldu den larunbatean itzuliko dela Telecincora Frontón saioa, eta ahalik eta partidarik garrantzitsuena antolatu nahi dutela. Mementoz, argi dagoen gauza bakarra honakoa da: materiala ostiral arratsaldean aukeratzekoa dute. Oraindik ez dakigu ez berari ez eta Xalari ere fisikoki ondo daudela ziurtatzeko EPELek eginaraziko dizkien probak noiz eta non izango diren.

Aste honetan egunero egin duen bezala, Abel Barriola Txema Urrutia medikuaren kontsultan izan zen atzo entrenamendu txiki bat egin ondoren eta, eskuak hobera egin duen arren, ez du uste larunbaterako jokatzeko moduan egongo denik. «Hobetzen ari da. Mantso-mantso ari naiz nabaritzen eskua hobeto dagoela. Saihets aldea ere ostegunerako ondo egongo da eta nik nahi nuke partida hori astelehenean izatea eskua ondo egongo delako esperantza guztiak baititut», azaldu zuen Leitzako pilotariak Euskadi Irratian.

Bere eskaera ez badute onartzen, oso zail ikusten du larunbaterako jokatzeko moduan egotea. «Larunbatean baldin bada partida, nik oso zail ikusten dut, eta ia esan nezake, orain bertatik, larunbatean bada, ez naizela jokatzeko gai izanen. Eskua nola hobetzen ari den ikusita, nik uste dut 48 ordu gehiagorekin astelehenean ondo egongo naizela, nahiz eta seguru ez jakin. Esperantzak izango nituzke astelehenerako ondo jartzeko, baina larunbaterako gauzak oso zail ikusten ditut», gaineratu zuen Aspeko atzelariak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE