Maiatzak 10, ostirala. 19:00tan
Bilboko Deportivo pilotalekuan
Bilbao Iron Cup, ligaxkako 2. jardunaldia
Sarrerak: www.eramanjaialai.com
GOITIA-BASQUE vs JOHAN-GORKA
BARANDIKA-ATAIN vs LADUCHE-MANCI
Iron Cup-ean aurrera egiteko bala bakarra geratzen zaie Alex Goitiandia eta Thibault Basqueri. Bariku honetan Sorozabal anaien kontrako norgehiagoka dute eta derrigor irabazi behar dute, txapelketan aurrera egin nahi badute behintzat. Pasaden ostiralean bikain hasi ziren Alex eta Thibault, baina Urrutiak eta Del Riok partidari buelta eman zien.
Goitia eta Basquerentzat, ez da lehen aldia, ondo hasi ondoren galtzen bukatu dutena. Oso indartsu hasi zen Basque atzean eta errematean bikain Alex. Hala ere, setetik setera, partida, pilota edo pilotarien mentalitatea bera, aldatu egiten dira sarritan eta Urrutiak eta Del Riok partida hobeto irakurtzen jakin zuten.
Gernikako Winter Seriesean ere, elkarrekin jokatu zuten Goitiak eta Basquek. Txapelketari hasiera bikaina eman zioten, bi set eta huts irabaziz, Erik eta Minviellen aurka. Sailkapenari begira, aurrerapausu handia, baina hasiera on hori ezin izan zuten hurrengo bi jardunaldietan errematatu. 2-0 galdu zuten Goikoetxea eta Lekerikaren kontra, eta emaitza berdinarekin, Olharane eta Del Rioren kontra. Emaitza: lehen fasean, txapelketatik kalera.
Iazko denboraldian, Markina-Xemeingo Grand Slamean, bikain hasi zen Alex Goitia. Lopezekin batera, partida oso ona egin zuen markinarrak Barandika eta Basque-ri 2-0 irabazita. Hurrengo partidan nahikoa zuten set bakarra irabazita. Eta 2-0 galduta ere, kalean geratzeko, zazpi tantuko diferentziagatik izan behar zuen. Lan zailak, Erkiaga eta Ibarluzea aurkarientzat. Baina Aritzek magia egin zuen: 2-0 irabazi eta behar zituen tantu kopuru zehatza lortuz. Goitia eta Lopez ostera, lehen fasean kalera.
Bilboko kasuan, irabaztea beste aukerarik ez dute Goitiak eta Basquek. Aurrelari elektrikoa da markinarra. Transmititzen duena. Gaitasunak dituena. Ausarta. Bidarteko atzelaria berriz, pilotari indartsua, dominatzailea eta nahikoa esperientzia duena. Elkarrekin jokatzen ohituta ere badaude. Erregulartasuna da behar dutena. Joko eta emaitza onei, partida bat edo set bat baino luzaroago eustea. Maila horretan mantentzea.
Bilboko Iron Cup-a porrot batekin hasi dute. Oraingoan agian, txapelketa galtzen hasi baina irabazten bukatuko dute. Gaitasuna, badute.