Final usaina bazterretan

Ikusmin aparta sortu du Barriolaren eta Olaizola II.aren arteko partidak; piloten aitzakiarik ez dute

Enekoitz Telleria / Berria

Ez joan den astean Iruñeko Labriten adina lagun bildu zelako, baina segituan antzematen zaio zein diren kutsu berezia duten partidak, ohi baino kamera gehiago, kazetari gehiago izaten dituztenaknormalean pilotari buruz aritzen ez direnak ere bai, presaka, kontu eske, Realaren prentsaurrekora ez zirela iritsiko-eta, larri, ohi baino esames eta begirada gehiago pilatzen dituztenak. Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak ostiralean jokatuko dutena horietakoa da, eta atzo Donostiako Atano III.a frontoian egindako pilota aukeraketan garbi gelditu zen. Final usaina nabari zen bazterretan.

Dezente kosta zitzaion Juan Mari Juaristi Atano XIII.ari enpresa bakoitzak emandako piloten artean entresaka egitea. Denbora luzez aritu zen, eta intendente bakoitzari beste bi pilota ere eskatu zizkion, jarri zituztenez gain Roberto Garcia Ariño Asegarcekoa eta Antton Maiz Aspekoa. «Enpresa bakoitzak bere pilotaria dauka. Bakoitzak badaki ze pilota komeni zaion bere pilotariari, eta huraxe jartzen dute, beste ezeri erreparatu gabe. Ni bien artean preso gelditzen naiz, nola edo hala nire lana ahalik eta ongiena egin nahian. Ez da erraza», azaldu zuen Juaristik bere lana bukatutakoan.Abel Barriolak aukeratu zituen lehenengo bereak, Jokin Etxanizen laguntzaz. 15 minuturen ostean, lanak eginda: 102,9 eta 103,8 gramoko pilotak. Frontisetik bizi irteten direnak. Topatu nahi zituenak. Gustura.Aimar Olaizolak ere ez zuen ordu laurdena urruti izan. Salvador Bergararekin aritu zen hura. 104,3 eta 103,3 gramoko pilotak. Frontisean gutxi irteten direnak, zoruan ibiltzen direnak. Topatu nahi zituenak. Gustura.Bakoitzak bere lanak bukatu, argazkiak atera, eta adierazpenak eginda, Ruben Belokirekin entrenatu zen Aimar Olaizola, eta Jokin Etxanizekin eskuak berotzen gelditu zen Abel Barriola.

ABEL BARRIOLA
«Joko azkarra komeni zait niri»

Patxadaz eta irribarretsu Abel Barriola prentsa aretoan. Pilotei buruz aritu zen lehenengo, aitzakiarik ez dagoela esateko, «bakoitzak bereak» dituelako. Olaizolari buruz, aspalditik ezagutzen duela, oso pilotari ona dela, hori jakinekoa dela. Hura sasoiko dagoela baina bera ere bai, ez dakiela orain dela bi urte bezain sasoiko, eta ez duela nahi, gainera, ordukoarekin konparaziotan hasi: «Denok izaten ditugu une txarrak, une onak… Ez zait gustatzen konparatzen ibiltzea». Pilotari bakoitzak jokatzeko era ezberdina duela dio, eta Aimarren kontra partida gogorra espero duela («piloteatua»), horretarako ere prestatuta dagoela, baina ahal duen guztietan bere jokatzeko era inposatzen saiatuko dela. «Niri joko azkarra komeni zait. Aimarrek pazientzia handia dauka, eta partida geldoagoa komeni zaio». Ideiak garbi dauzka Barriolak. Badaki sakearekin saiatu behar duela min egiten. «Lehen indarra bakarrik ematen nion, orain norabide egokia ere bai». Aimarren dohain nagusia defentsa dela dio, eta prest dagoela tantoak lantzeko landu behar badira, eta korrika egiteko defendatu behar badu.

Aimar izan zuten hizpide kazetariek. Haren sakea, haren errestoa, haren erasoa, haren defentsa… «Nola goraipatzen duzuen!», bota zuen bat-batean Barriolak, zer eginik ez balu bezala tratatzeagatik kexu. Aretokoak barrez lehertu ziren, eta «erabat desmoralizatuta noa hemendik» esanez agur esan zen Leitzakoak.

AIMAR OLAIZOLA

«Partida erdia arte eutsi egin behar diot»

Kontrarioak ongi aztertuta dituenaren ziurtasun horrekin mintzo da Aimar Olaizola. Pilotei buruz, «garbi esanda», bereak frontisean gutxi irteten direla dio, eta Barriolarenak gehiago: «Bionak daude hor eta hori da garrantzitsua». Aurtengo txapelketan bere helburua ligaxkan sartzea zela, hori lortu duela eta hurrena finalean aritu nahi duela nabarmentzen du. «Konfiantzaz eta moralez ongi nago». Kontrarioari buruzkoak argi ditu, eta ostiralean ze joko mota egingo duen ere bai: «Partida erdia arte eutsi egin behar diot. Barriola txisparekin dago aurten, pilotari abiadura ematen dio, eta oso zaila da hasieran eutsi ezean gero partida irabaztea. Erritmo horretan, ezinezkoa. Tantoa luzatzen saiatuko naiz, eusten. Fisikoki ongi nago eta gustatzen zait horrela jokatzea. Horrek ez du esan nahi aukera daukadanean sartuko ez naizenik».

Gustura dago Aimar orain arte egindakoarekin, eta Nagoreren kontra jokatu zuena da, haren iritziz, aurten jokatu duen partida «konpletoena». Ostiraleko hori aurreratutako finala dela diotenekin ez dago ados: «Lehenengo jardunaldia bakarrik jokatu dugu. Txapelketa oso irekita dago orandik, eta lau pilotariok daukagu finala jokatzeko aukera». Barriolaren kontra buruz buru jokatuko duen hirugarren aldia da, eta aurreko hiruretan Aimarrek irabazi du: «Partida guztiak ezberdinak dira. Oraintxe biok gaude ongi jokoz eta moralez. Irabazi nahi duenak oso ongi egin beharko du lan».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE