Abel Barriola eta Aimar Olaizola, 2002ko bidetik

Elkarren aurka jokatutako azken bederatzi partidetako bakarra irabazi du atzelariak
Gara

Ustez, finalerdietako ligaxkak orekatua eta berdindua behar zuen, baina erabat hautsi da lehen jardunaldia jokatu ostean eta, asteburuan emandako erakustaldien ondoren, duela bi urteko finala errepikatzeko bidean dira ostiralean Donostian indarrak neurtuko dituzten Olaizola II.ak eta Barriola.

Une zailak izan dituzte biek, 2002ko abenduaren 29an Olaizola II.ak Barriola 22-13 mendean hartu eta lau eta erdiko txapela jantzi zuenetik, baina berriro ere euren maila berreskuratu dutela dirudi, eta ikusmin izugarria dago ostiraleko partidarako. Izan ere, hilabete beranduago jokatuko da finala, eta aurrerapentzat dute askok eta askok.

Aurrekariak Aimarrekin

Pronostikoak oso zabalik badaude ere, Aimar Olaizola da faboritoa askoren ustez, eta aurrekariei begiratuz gero, behintzat,ezin da esan Barriolari ondo joan zaizkionik Goizuetakoaren aurka jokatutako partidak.Esaterako, Lau eta Erdikoari begiratuz gero,finaletik at, finalerdietako ligaxkan ere aritu ziren elkarren aurka, eta orduan ere Asegarceko aurrelariarentzat izan zen garaipena. Labriten jokatutako partidan 22-16 nagusitu zen aurrelaria.

Ordutik aurrera, iazko buruz burukoan ere jokatu zuten elkarren aurka, Donostian bertan, eta sekulako jipoia eman zion Goizuetakoak Barriolari, 2koan utzi baitzuen.

Elkarren aurka jokatutako azken partidei erreparatuz gero ere, banaka zein binaka, zenbakiak ez dira batere onak Leitzakoarentzat. Izan ere, azken bederatzietako bakarra irabazi du. 2003ko otsailaren hamaseian izan zen, Atanon bertan, binakako txapelketaren finalerdien barruan, eta, Agirre lagun zuela, 22-15 irabazi zion Olaizola II.a-Pascual bikoari. Dena dela, horiek zenbakiak baino ez dira, eta partida orekatua espero da bataren defentsaren eta bestearen erasoaren artean.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE