Gustura geratu dira Eusko Label Torneoko finalean erabiliko dituzten pilotekin. Biak ere material bizia aukeratu dute, baina ezberdina. Barrenetxearena indartsuagoa da eta Ansarena arinagoa.
IMANOL ANSA
Pilotak: «Biziak, baina indartsuak ez direnak hartu ditut. Txapelketa aurrera joan ahala, ikusi dut aukeratutako pilotekin min gehiago egin dudala eta hortik joan da nire aukeraketa. Bereak ezberdinak dira, orain arte ikusi dugun materialik exijenteena ikusiko dugu. Argi nuen ze pilota mota aukeratuko zuen. Hor aitzakia bilatu beharrean, saiatuko naiz bere pilotari ahalik eta etekin gehiena ateratzen. Oraindela bi urtera arte pilota mota horrekin ikaragarri sufritzen nuen, pilotak gainditu egiten zidan, baina errebotean eta sakearekin ere hobetu dut. Beraz, pilota hori erre etekina atera diezaioket».
Ligaxkako partidu ona, nahiz eta galdu: «Txapelketako momenturik kritikoena pasa nuen, Urrizaren aurka 30-9 galdu eta gero. Errealitate kolpe bat izan zen, ze mailetan egon behar nuen jakiteko. Azkenean positiboa izan zen pilak jartzeko. Endikaren aurkako partidua, uste dut, hobea egin nuela nahiz eta galdu, finalaurrekoa baino. Oso gustura amaitu nuen egindako partiduarekin. Ez dakit hantzekoa izango den. Oso final gogorra espero dut. Endikak esan bezala, finala ongi eta mimoz prestatu du. erakutsi du erregulartasuna dela garrantzitsuena. Asko motibatzen dit horrelako Endikaren aurka lehiatzea».
Bien arteko pikea: «Esan duen bezala nire irakaslea izan zen. Orain aurkariak gara eta niri onenen aurka jokatzea gustatzen zait. Momentu honetan Barrenetxea bere garairik hoberenetakoan dago eta asko motibatzen dit bere aurka jokatzeak eta txapela irabazteak. Pisua emango lioke garaipenari».
Sakatzeaz gain, zer egin behar da ongi. Taktika: «Txapelketa honetan kosta egin zait ongi ateratzea, eta bien artean alde haundiena hor dago. Erreskadan sakez hiruzpalau tanto egiteko gai da. Hori gertatzen bada partidutik ez ateratzen saiatu behar dut. Ikasi dut hori gertatu daitekeela, asimilatzen ikasi dut eta nire jokoa egiten jarraitu. Kontzentrazioa mantendu behar da, askotan ez baitakizu zer egingo duen. Kezka gehiena sortzen duen pilotaria da alde horretatik, baina ez dut galdutzat ematen partidua. Errestatzaile ona naiz eta alde horretatik kontra egin dezaket».
Pasa den urtean aurreneko txapela, aurtengoa ezberdina: «Oraingoz ez dut lortu pasa den urteko maila ematea. Sasoiz tope nengoen eta dena nahi bezala irten zen. Oso positiboa izan zen eta aurten berriz gora behera gehiago izan ditut. Kosta egin zait erregular aritzea, baina pozik geratu nintzen finalaurrekoa eta gero. Urriza ongi zegoen, mentalki indartsua izan naiz eta eutsi nion. Horrekin oso pozik nago. Esperantza handiak ditut jakinda final zaila izango dela. Konfidantzarekin jarraitzen dut eta jakin arren maila zertxobait igo beharko dudala, irabazteko esperantzarekin nago».
ENDIKA BARRENETXEA
Pilotak: «Oso gustura geratu naiz. Bost lote zeuden, bakoitza hamar pilotakoak, bat gustatu zait soinuan eta pilotaren kosturetan eta hartu ditudan hiru pilotak lote berekoak ziren. Bestetik, Imanolek hartu dituenak ere onak iruditu zaizkit, bolo txikiagokoak zirela ikusi dut, hiru zenbakikoak. Hasieran pilota hori asko ibiltzen dira, baina gastatzen doazen bezala asko geratzen dira».
Igandeko finalaren inguruan, ligaxkakoarekin alderatuz: «Ildo beretik joan daiteke eta horrela izatea nahi nuke. Batez ere aurrekoa bezala amaitzea. Imanolen aurka jokatu ditudan partidu denak, azken urtetakoak, oso estuak izan dira baten edo bestearen alde. Oso partida gogorra aurreikusten dut, fisikoa eta gero duela pare bat urte erabakia hartu zuen buruz buru nola jokatu behar zuen, arrisku gehiagorekin, eta hori ikusita kontutan hartu beharko dut final zaila izango dela».
Ligaxkan arriskatu egin zuen, ezker pareta asko ukituta. Taktika: «Inolako zalantzarik gabe berdina egin beharko dut. Ansaren aurka jokatzen duzunean, bere jokoak derrigortzen dizu bere jokamoldera jokatzera. Zubirik esaten zidan bien arteko aurrekoan, lehenengo ezker pareta ukitzen duenak irabaziko zuela. Beraz, arriskuak hartu beharrak daude, defentsan ikaragarri hobetu du azkenengo urteetan. Pilota zailak eramaten ditu, errebotean ere ez du zulorik, beraz ezin da denbora guztian barrura jokatu edo errebotea bilatzen. Hor zulorik ez dago eta esan nahi du, ezker pareta bilatu beharko dela eta horretan saiatuko naiz».
Kantxa barruko pikea: «Aspaldi ezagutzen gara, gertukoak gara, pelota eskolan irakasle nintzen, bera ikasle zenean. Azken urteetan pasa egin dit eta gogoz gaude elkarren aurka lehiatzeko. 2023ko Masterseko final hartan 30-29 irabazi zidan, eta zaila da ahazten. Gogoa daukat berriz ere final bat bere aurka jokatzeko».
Zer suposatuko luke hirugarren txapelak: «Orain arte egindako lanaren ordaina izango litzateke. Txapelketa hau ondo prestatzen saiatu naiz fisikoki eta batez ere teknikoki, ezker pareta ukitzen ikasten. Hamalau urte ondoren ikasi dut, kostata, ezker paretarekin jokatzen. Nutrizio aldetik ere lanketa ona egin dut, eta orain arte egin dudan txapelketarekin, hiru aurkariei irabaziz, oso gustura nago, baina orain gustatuko litzaidake txapelarekin ginga jartzea. Bosgarren finala izango da, bi irabazi eta bi galdu ditut, eta lehenengo atzelaria izango nintzateke hiru txapela irabazten. Motibazioa eta ilusioa haundia da».
Sorpresarik, taktikoki, prestatu al du: «Urteetan zehar gauza berri asko egin ditut eta abanikoa bukatzen ari zait. Ez daukat ezer berezirik prestatuta, baina beti saiatzen naiz jokamoldea aldatzen. Ezker paretarekin jokatzen ikasi izana baliatu nahiko nuke