SOROZABAL ANAIAK GARAILE, ARRIETAREN OMENALDI HUNKIGARRIAN


Durangoko Ezkurdi pilotalekua

Jai Alai League-ko lehen finalerdia

ARRIETA-LEKERIKA vs URREISTI-ZABALA: 9-15, 15-9, 4-5

JOHAN-GORKA vs LADUCHE-DEL RIO: 15-10, 4-15, 5-4Emozio handiko eguna Durangon, motibo batzuen zein besteengatik. Alde batetik Ligako finalerdia eta bestetik Iñigo Gorostola «Arrieta»-ren azken partidua. Bi norgehiagokak bukatu dira desenpatean, eta biak tantu bakarraren diferentziarekin. Lehenengoa, bi hamarkada luzeko ibilbidearen amaiera amestua izan da. Duela gutxi inork gutxik pentsatuko zuena. Durangoko frontoia, berriz berpiztuta, zesta-eskolan ume pilota eta Ezkurdi goraino beteta. Ezin modu aproposagorik Arrietak zesta-punta uzteko. 
Bigarren norgehiagokan, sentimendurik ez da izan, hil ala biziko lehia baizik. Laduchek eta Del Riok dominatuta izan dituzte beren aurkariak, baina hilda zeudela uste zenean, erpeak erakutsi, azkenera arte lehiatu eta partida irabaztea lortu dute Biarritzeko Sorozabal anaiak.
Bikaina izan da aurrelariaren, Johanen hasiera. Errematean fresko eta besoz indartsu, tanto asko eta onak egin ditu lehenengo jokoan. Txapa-gainean suabe utzita partiduko lehena (1-0), zabalean indarrez bere bigarrena (2-1), barruan hirugarrena (3-3) eta eraginkortasun horrekin jokatu du lapurtarrak finalerdi garrantzitsu honetako lehen jokoa. Laduchek eta Del Riok markagailuari eutsi egin diote bai, baina beti atzetik joan dira. 8-6 atsedenaldian eta 15-10 joku amaieran. Aipatzekoak Gorkaren goitik beherako pilotakada bat (9-7) eta Johanek errebotean errebesez egindako beste bat (10-7).
Baina askotan gertatzen den legez, bigarren jokoa hastearekin batera, partida aldatu egin da. Pilota jada bizituta eta Ezkurdiko kantxan, Del Rio arabarra bere jokua egiten hasi da. Eskuinarekin hara eta hona, goitik behera zein pasatzera, beste batean hormabikoa… Julenek zoratu egin ditu Sorozabal anaiak eta partidutik aterata ere ikusi dugu Johan. Laduche, lehen setean zein bigarrenean, egoki eta erregular aritu da eta erraz irabazi dute horiek bigarren seta, 4-15.

Markagailuak erakusten duen moduko kolpe psikologikoa jaso dute anaia lapurtarrek. Azken setera konfiantza askoz gehiagorekin iritsi dira Ludo eta Julen. Baina gauzak okertu egin zaizkie. 2-0 jarri dira aurretik Johan eta Gorka. Bigarren tantuan, pilotak ezker horman gora egin duela seinalatu dute horiek baina ez dute hala ikusi epaileek. Haserrealdia pasatuta, 2-1 gerturatu dira baina tanto eder baten ostean, Sorozabal anaiak 3-1 jarri dira berriz aurretik. 4 eta 2, tantu faltan ere jarri dira marroiak baina unerik txarrenean, sakean, lehenego pasa eta gero falta egin du Johanek. 4-3. Emozioa bor bor, pilota abiada bizian eta Laduchek, errebote batean, bere burua lurrera bota, pilota zabaldu eta tantu egin du. 4-4. Azken tantua. Emozio gehiago ezin, pilota izugarrizko abiadan eta errebote baten ostean, Johan eta Gorkarentzat azken tantua. Elkarrengana joan, jauzi egin eta besarkatuz ospatu dute garaipena.

Datorren astean jokatuko da bigarren finalerdia, Erkiaga-Basque eta Barandika-Lopezen aurka. Partida hau eta finala, ETB bidez ikusi ahal izango dira.

Arrietaren azken agurrari dagokionez, partida polita jokatu dute laurek. Albiste hona, Lekerikaren berragerpena izan da. Pozik partidu ostean gernikarra, besoan ez baitu minik sentitu. 9-15, 15-9 eta 4-5, garaipena Urreisti eta Zabalarentzat izan da. Arrietak berak partida eskutan izan du azken tantuan, baina bere errematea Urreistik harrapatu eta honek bukatu du partida. Gutxienekoa emaitza izan da. Arrietari oroigarriak eman dizkiote Durangoko zesta-eskolako ordezkariek, Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Eraman enpresak. Arrietak berak, mikrofonoa hartu eta zesta-zale guztiak eskertu ditu eta honako bertsoa bota dio kantxan bertan, Unai Iturriaga bertsolari durangarrak. 

Gorostola, Arrieta

izen bata zein bestie

erretiretan zarela

heldu jaku albistie

ya etzara Amerikara 

urretan joan zan gaztie

baina zer ederragorik

zeure herrijen iztie

frontoein be dana ezta

galdu edo irabaztie

sarritan da hurrenguek

allegau arte eustie

gaztetxuek zain dauz zeinek

hartuko zeure zestie (bis)

DATORREN ASTERA ARTE

** Hurrengo orduotan argazkiak

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE