Nagorek eta Olaizola II.ak abiatuko dute gaur ligaxka, Iruñean (18:00, ETB1)
E. TELLERIA / Berria
Hamabost egun luze samar joan dira askorentzat lau t’erdiko txapelketako partidarik ikusi gabe. Finalerdietako ligaxka zehaztuta gelditu zenetik, pilotazaleak badaki kaiola barruan adituak diren hiru txapeldun ariko direla eta sekula txapelik jantzi ez baina jantziko balu inor ezustean harrapatuko ez lukeen beste bat ere bai. Irrikan dago jendea ligaxka hasteko, eta gaur dute lehen gozatua hartzeko aukera Iruñeko Labrit frontoian. Jorge Nagorek eta Aimar Olaizolak jokatuko dute aurreneko partida. Txapeldunen arteko lehia da, eta ETB1ek zuzenean emango du larunbatetako partidak telebistan zuzenean ikusteko aukerarik gabe egon dira aspaldian pilotazaleak, eta gaur dute horretarako aukera.
Jorge Nagore lau t’erdiko egungo txapelduna da. Distantzia horretan beste inork baino eskarmentu eta garaipen gehiago ditu, eta urtean zehar izaten duen jardun tristeari poz pixka bat emateko darabilen ihesbidea izaten da. Partida bakarra jokatuta iritsi da finalerdietara Chafee herrikidearen kontra irabazitakoa (22-10), eta horrenbestetan txapeldun egin duten dohainei eusten diela ikusteko balio izan zuen, Chafeeren opariak opari. Sakea, txapagaina, ezker besagaina… lau koadro horien barruko bazter guztietara daki pilota bidaltzen, eta kontrarioa behartzen. Espezialistetan espezialista da.Eta, hala ere, iragarpenak ez dira Nagoreren aldekoak. Aimar Olaizola kontrarioaren alde irtengo da dirua. Aditu gehienen hautagaia da Goizuetakoa. Ez bakarrik gaurkoa irabazteko, orain Nagorerena den txapela bere egiteko baizik. Gonzalez, Agirre eta Capellan utzi ditu bidean. Beldurra emateko moduko konfiantza eta sasoia erakutsi ditu, nahiz eta berak ez duen horrelakorik sekula onartuko. Kontrario bakoitzari nola jokatu daki, eta bere dohain fisikoez haratago, kantxa barruan oso gutxik duten argitasuna eta malezia ditu. «Nagore okerrago ibiltzen da motzean jokatzen badiozu», iragarri du, gaurko partidari buruz galdetuta.
Datua
22-19
Behin bakarrik jokatu dute Jorge Nagorek eta Aimar Olaizolak lau t’erdian elkarren kontra. 2002ko ekainean izan zen, Lekunberrin, Nafarroako lau t’erdiko txapelketan. Jorge Nagorek irabazi zuen hura (22-19). 57 minutuko lehia izan zen: 17-19 joan zen Nagore galtzen, baina irabazi egin zuen 10 tanto lortu zituen saketik.