Jai Alia News
Eusko Label Winter Series
3. jardunaldia, A multzoa
URREISTI-GORKA vs BARANDIKA-LOPEZ: 15-10, 15-11
* Urreisti et Gorka gazteek Gernikako publikoa poltsikuratu dute euren joko eta ausardiarekin.
* Jai Alai Leagueko txapeldunei bi set eta huts irabazi diete.
* Zazpi punturekin A multzoko lider sendoak dira, jokatutako bi partidak irabazita.
* Zumaiako zesta-eskolako umeek erakustaldia egin dute, partidaren aurretik eta atsedenaldietan.
Lezioa eman dute gazteek. Pilotan jokatzeko lezioa. Non, eta Gernikan. Dagoen kantxarik exijenteena da. Noren eta Jai Alai Leagueko txapeldunen aurka. Izen handiko bikotea, txapelketa irabazteko faboritoenetakoa, esperientziaduna. Baina jokoz, gaurkoan, gehiago izan dira gazteak. Bai aurrean, bai atzean eta bai bikote bezala.
Gorka Sorozabal biarriztarrak itzelezko partidua jokatu du. Ia hutsik ere ez, bi eskuekin ondo, kantxan mugituz… bere lana bikain bete du, bere aurrelariari errematerako lanak erraztuz. Eta Eñautek beste behin, hala egin du. Erasora atera da, sake errestora sartu da, era guztietako erremateak egin ditu eta 14 tantu eginda, partida bi eta huts irabazi dute.
Argi Urreisti eta Gorkarekin. Zazpi punturekin lider sendoak dira, finalerdietan hanka terdi sartuta dute eta A multzoko aurkariei gauzak asko korapilatu zaizkie. Goitiak eta Del Riok puntu bat, Barandika eta Lopez hutsean, eta oraindik partidarik jokatuko dabe Laduche eta Manci, bikote arriskutsua. Hiru horien artean, batentzako dago soilik lekua.
Partida hasi eta amaitu arte, sendoago, seguruago eta hobeto aritu dira Urreisti eta Sorozabal. 2-1ekoa egiteko, bederatzi kuadrotik bota du txapa gainekoa gipuzkoarrak. Bikaina. 6 eta 3koa ere ikusgarria. Partidako onena agina. Tantoa landu, eskumarekin kantxa erdian zazpian artu eta zabalean ezkutatu egin du, aurkariak eta publikoa, guztiak engainatuz. Atsedenaldira 8-4 iritsi dira eta sei tantuko aldea ere izan dute, 10-4. Barandikak arazoak izan ditu sakearekin, Eñaut ahal zen guztietan sartu baitzaio, gernikarrari konfiantza galdu eragin nahian. Hala ere, markagailua estutu du Jai Alai League-ko egungo bikote txapeldunak. 11-8, 12-9 eta 13-10 jarri dira, hiru tantora. «Txula» ederra ere sartu du Lopezek. Baina harrapatu ezin. Gorkaren segurtasunak eta Urreistiren erremateek 15garrenera arte eraman dituzte. Tartean, mutrikuarrak errebotez egindako tanto eder bat. 15-10, lehen seta laranjentzat.
Bigarrena ere bide beretik joan da. Hasi, Barandika eta Lopez hasi dira irabazten. 0-2 eta 2-4. Baina launakoaren ondoren, laranjak aurretik jarri dira partida amaitu arte. Bide-arbitraiari esker, epaileek bi erabaki zuzendu dituzte. Bata, Gorka Sorozabali saskian pilotak emandako jaikia. Bestea, Lopezi emandakoa. Kantxan ikusteko zaila dena, bikain erakusten du hirugarren epaileak parean duen pantailak. Erabakiaren berri publikoari eta etxekoei eman ondoren, aurrera egin du jokoak. Lehen setean bezala, 8-4 iritsi dira atsedenaldira laranjak, eta konfiantzaz beteta gainera, sei tanto erreskan eginda. Handik bueltan, bikote horiak hortzak estutu eta partida berdintzeko azken ahalegina egin du. Barandikak horma-biko on bat bota du, bien erdira eta Eñauten txapa gaineko batera iritsi eta beste tantu bat amaitu du. 9-7 eta 10-8, hor izan dute aukera. Baina momentu garrantzitsuetan, ez dute beste batzuetan izan ohi duten ofizioa atera. Edo alderantziz, Eñautek eta Gorkak ez diete utzi. Seguruenik, bietatik apur bat. 15-11 bukatu da bigarren jokoa.
Ligaxka honetan, partidu bakarra falta zaie Urreisti eta Gorkari, Laduche eta Manciren aurka jokatuko dutena. Norgehiagoka horren faltan, zazpi puntu eta +9 tantuko averagea dute. Eta ez hori bakarrik, gaurkoan publikoa ere poltsikoan sartu dute.