Xalak eta Barriolak agerian utzi dute badutela elkarren berri, inoiz elkarren kontra aritu ez badira ere
ENEKOITZ TELLERIA / Berria
Kostako errepidea hartuta, zuloan bezala gelditzen da Eibar. Urdina eta eguzkia, gris eta laino bihurtzen da Astelena frontoiaren inguruetan, eta ongi hartzen da barruko epela. Juan Mari Juaristi Atano XIII.a ari da pilotak bereizten, Ives Salaberri Xala eskuak berotzen, eta beste guztiek mintzagai bakarra dute: Mikel Goñik bezperan Algo pasa con Lopez izeneko ETB2 kateko saioan emandako ikuskizuna. Ez dago beste konturik. Loles Leon aktorea bizkar gainean hartuta eraman zuela, Donostiako La Perla bainuetxeko jakuzzia-n azaldu zela, bainujantzian ikusten dela benetan ez dagoela pilotan jokatzeko moduan… «Pilotan jada jai dauka eta horrela irabazi beharko du bizimodua» dio batek. «Urtainek bere garaian hartu zuen bidea ari da hartzen, nik itxura hori ikusten diot», besteak. «Besterik ez zuen behar», albokoak. «Komentariorik ez», Aspe enpresako kide batek. «Egin dezala nahi duena. Nor gara gu bere bizitza epaitzeko», arrazoitu du beste batek, baina frontoitik kanpora eta pilotarekin inolako loturarik ez duenaren xalotasunez.
Irribarre eta txantxa artean lehenengo minutuak, Abel Barriola kantxara irten eta Juan Mari Juaristik bere lanak bukatu arte. Goñi atzera utzi eta lau t’erdikoari begira, halako batean. Xala eta Ladutxeren txanda. Hamar minutu baino gutxiagoan lanak eginda. Barriolaren txanda. Beste hamar minutuz Astelena frontoiko Jose kantxeroaren laguntzaz, lanak eginda (atzoko bitxikeria). Kazetariak arrapaladan. Abel Barriola hitz egiten lehena. 105,8 eta 104,8 gramoko bere pilotak «normalak» direla, berak nahi zituenak bezalakoak, kexarik ez dagoela batere. Xalarenen aldean «biziagoak» direla, eta zoruan ibiltzen direla gehiago. Kontrarioari buruz, zera: ez duela sekula bere kontra jokatu, baina ezagutzen duela. «Aspaldian ari da ongi. Buruz buruko finalean aritu zen, uda bikaina egin du, eta konfiantzaz ari da». Ezagutzen du Xalaren jokatzeko modua, eta kezkaz begiratzen dio. «Ongi sakatzen du eta errestoari airez erantzuten saiatzen da. Piloteoan, bolea erabiltzen du askotan, eta kontrarioa batetik bestera mugitzen du». Lekuinekoa ongi ikusten du Barriolak, baina gustura dago bere jardunarekin ere. Esaldi batean laburbiltzen du dena: «Ongi ari naiz entrenatzen, eta ongi ari naiz jokatzen». Xalari aurre egiteko zer egin? «Botez jokatzera behartu behar dut, pilota azpitik erabili, airez ahalik eta gutxien sar dadin». Bi asteko atsedena primeran etorri zaiola onartzen du, eta lehen partida irabaztea «benetan garrantzitsua» dela berarentzat: «Pilotari bakoitzak hiru aukera ditu, eta finalean sartzeko bi partida behintzat irabazi egin behar dira. Ongi hasteari garrantzi handia ematen diot nik».
Xalaren txanda. 106 eta 104,4 gramoko bere pilotak larrua bueltatutakoak direla, kontrarioarenak baino pisutsuagoak, eta ez zaizkiola ez bereak ez kontrarioarenak pilota txarrak iruditzen. Loreak Barriolarentzat: «Ongi sakatzen du eta asko ibiltzen da kantxan, zango indartsuak ditu. Ezkerrez ongi zabaltzen du pilota eta badakit asko ibili beharko dudala kantxan». Argitu du, dena dela horri aurre egiteko ez duela bere jokatzeko erari uko egiteko asmorik: «Ongi sakatzen badut, airez sartzen saiatuko naiz, sake-boleaz». Uda gogorra izan duela, negua lasaiago doala eta bi asteko atsedena «primeran» etorri zaiola aitortzen du. Uneoro, gainetik zama kendu nahian bezala ari da: «Nire hiru kontrarioak espezialistak dira, nik ez dut deus galtzeko; esperientzia hartu eta ikasteko primeran datorkit».