LIGAKO TXAPELDUNAK, WINTERRETIK KANPORA

Eusko Label Winter Series

7. jardunaldia, A multzoa

LADUCHE-MANCI vs BARANDIKA-LOPEZ: 15-11, 15-14

Barandika eta Lopez, Jai Alai Leagueko egungo txapeldunak, Winter Seriesetik kanpo geratu dira. Txapelketa bera irabazteko faborito nagusienetakoak ziren baina lehen porrotaren ostean, gaur, gutxienez, set bat irabazi behar zuten. Bikote horiak lehenengo jokoa galdu du baina bigarrenean aurretik izan dira, baita azken tanpan ere: 10-13 eta 13-14. Baina Laduchek eta Mancik euren buruarengan sinistu eta markagailua iraultzea lortu dute, emozio handiko partida gogor batean. Winter Series honetan, sorpresa bat bestearen atzetik ari gara ikusten. Faboritoak kalean, izen gutxiagokoak barruan… Pentsatzen hasi beharko gara, ezustekoak hain ezusteko ote diren ala egungo joko maila uste baino parekatuago dagoen. Ezin opari izan da Mikel Mancisidor mutrikuarrarentzat. Gipuzkoarrak 25 urte bete dituen egunean lortu du garaipena eta joko maila oso onean dagoela berretsi du beste behin. Pozik egongo da Iñaki Mendizabal «Goixarri» Mutrikuko klubeko irakaslea ere. Danok Bat elkartearen lana emaitzak ematen ari da, Urreisti eta Manci pilotariak horren adibide. Hala ere, Laduche eta Manci ez daude oraindik finalerdietan. A multzo horretan, bi partidu garrantzitsu geratzen dira oraindik eta euren aukerak izango ditu Goitia eta Del Rio bikoteak ere. Hurrengo bi asteetan jokatuko dituzte, partida horiek.


Egia esan, gaurko norgehiagoka bera hobeto hasi dute Barandikak eta Lopezek. Lehen atsedenaldian 5-8 izan dira aurretik baina 9-9 berdindu eta 11-10ean aurretik jarri dira aurretik urdinak. Maila ona eman du Laduche getariarrak, lehen joko honetan bereziki. Sake errestoan tantoak egin ditu, errebesez atzean ere bai eta Mancik bikain zaindu dio kantxa. Lopez ere sendo aritu da baina lehen set amaieran etorri dira ordura arte zumaiarrak egin gabeko hutsak. Barandikak aldea murriztu du, kontraerasoan horma bikoa botata (13-11) baina Laduchek eta Mancik irabazi dute seta. 


Bigarren joko hasieran, konfiantza eta komunikazio gehiago erakutsi dute urdinek. Barandikak eta Lopezek derrigor irabazi behar zuten set hori baina 6 eta 2-koarekin gauzak oker ikusten zituzten. Izan dute hala ere, egoera horri buelta emateko gaitasuna. 6-2 galtzetik 8-12 irabaztera pasa dira. Laduchen momentu baxuenak izan dira baina publikoa hirugarren jokoan pentsatzen ari zen unean, ezustekoa gertatu da. Horiek huts batzuk egin, urdinek euren aukeretan sinistu eta partida berdintzea lortu dute (14-14), azken tantuan aurretik jartzeko: Lopezek lehenbizi bote-laster sartu, Laduchek beste pilota zail bat bote-laster saskiratu eta atzean zabalean jarri du. Lopez oso behartuta iritsi da, pilota erremintan sartu du baina inertziak eraginda, lurrera joan da eta hor bukatu da partida.


Nork esan behar zuen duela 2 edo 3 urte, Winter Serieseko finalerdietan, Erkiagaz gain, Ibarluzea, Urrutia, Basque, Urreisti eta Gorka egongo zirenik. Eta hauekin batera, Laduche-Manci edo Goitia-Del Rio. Hurrengo bi asteetan ikusiko dugu. 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE