Cesta de Nadau-ko finala
Jai Alai League
Paue, Complexe de la Pelote
BARANDIKA-LEKERIKA vs JOHAN-BASQUE: 15-10, 12-15, 4-5
BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=X4P7TTjbg0w
Partidaren irudiak, Lekerikaren adierazpenak euskaraz (1:37:00)
Barandikak eta Lekerikak Winter Serieseko arantza atera dute Paun. Arantza ateratzeak ez du esan nahi mina bukatu denik. Zauria zabalik dago oraindik. Itxi egin behar da. Azala egin behar zaio. Baina bart lortutako garaipenak mesede handia egingo die bi gernikarrei. Eszenatoki ederra (Paueko pilotalekua goraino beteta), aurkari gogorrak (Johan-Basque) eta maila altuko txapelketa bat izan dira (Olharan-Lopez eta Erkiaga-Minvielle bikoteak finaletik kanpo geratu dira). Azkenean, gorriz jantzitako bikotea podiumaren goiko aldera igo da, besoak altxata, garaipena barru barrutik ospatzeko.
Partidari bide onetik ekin diote gorriek. Markagailuan eroso eta huts gutxi, konfiantza eta koordinazioa erakutsi dute hasieratik. Sei tantuko aldea ere izan dute (11-5) eta azkenean, bosteko aldearekin gailendu dira lehen jokoan.
Bigarrena ere bide beretik hasi da (7-3, 9-4, 10-6) baina Sorozabalek eta Basquek garaiz erreakzionatu dute. Pilota motela erabili dute Lekerika atzean izateko eta 12-12 berdindu ondoren, 15garren kartoiraino joan dira. Bederatzi eta biko partziala egin dute, bigarren seteko bigarren zatian.
Tentsio eta emozio handiko uneak izan dira. Epaileek ere bideo-arbitraia erabili behar izan dute pare bat kasutan, eta desenpatean, alde txikiagatik bada ere, gernikarrek euren alde izan dute beti haizea. 2-1 eta 4-2 izan dira aurretik baina garaipena ez da sufritu gabekoa izan. Johanek dejadaz egi du 4-3koa, txapa-gainean moztuta 4-4koa… eta azkenean, sakeak erabaki du partida.
Johanek atera eta Barandika aire sartu da. Sake errestoan sartzeak ez du esan nahi errematatu egin behar denik. Aire sartu eta dominatzen jartzeak ere, tantua zure aldera ekarri dezake. Hala izan da. Barandikak atzeko zulora bidali baitu pilota errebesez eta Basquerentzat, atzeko hormaren kontra, ezinezkoa izan da pilota bere xisteran geldiaraztea.
Astelehenean Gernikan
Jai Alai Leagueko ranking-erako 1000 puntu irabazi dituzte Barandikak eta Lekerikak, 600 Johanek eta Basquek eta 360na Olharan-Lopez eta Erkiaga-Minvielle bikoteek.
Barandikak astelehenean du hurrengo zita. Lopezekin batera, Winter Serieseko beraien agur partida izango da, Goitia eta Del Rioren aurka. Bi bikoteek, orain arte, partidu guztiak galdu dituzte Gernikan. Publikoa garaipenarekin agurtu nahiko dute. Eta agian, emaitza baino askoz garrantzitsuagoa dena. Joko ona eta entretenigarria erakutsita.