Larunbatean hasiko da Frontisek bultzatu eta Nafarroako Federazioak babesten duen ekimena
EDURNE ELIZONDO / Berria
Pilota Zirkuitu Profesionala (PZL) sortu dute Frontis enpresak eta pilota federazioek. Atzo aurkeztu zuten, Iruñean, eta larunbatean jarriko da abian, Nafarroako Lau t’erdiko Txapelketa Irekiaren hasierarekin. Lizentzia duten pilotari guztiek edukiko dituzte ateak zabalik zirkuituko txapelketetan parte hartzeko.
Nafarroako Pilota Federazioko presidente Miguel Angel Pozuetak, Frontis enpresako pilotari Inaxio Errandoneak eta zirkuitu berriari babesa eman dion Sofrontis enpresako komunikazio arduradun Carlos Zuluagak hartu zuten hitza atzo Pilota Zirkuitu Profesionala aurkezteko. Hirurek nabarmendu zuten proiektu honek «pilota egiteko beste modu bat» dakarrela eta «ilusioz» ekin diotela. Frontis enpresako kideak izan dira proiektuaren bultzatzaile nagusi. «Duela zortzi hilabete sortu zen Frontis, eta gure asmoa enpresa sendoa izatea da. Honen bidez, pilotan aritzeko beste modu bat jarri nahi dugu abian. Denen laguntzarekin txapelketa polita egitea da gure helburua, eta zaleen artean ikusmina piztea. Frontisen bat egin dugun pilotarion ibilbidea da gure berme nagusia. Eta ibilbide horrek erakusten du ekimen berri honetan ere serio ariko garela lanean», azpimarratu zuen Errandoneak.
Pozuetak azaldu zuen Frontiseko kideek euren asmoen berri eman ziotenean «pozik» hartu zituela eta «begi onez» ikusi zituela, bai eta inguruko beste pilota federazioek ere. Izan ere, zirkuitua Nafarroan hasiko dute, baina txapelketak, herrialde horretan ez ezik, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Errioxan ere egitea da asmoa.
Beste enpresen zain
Nafarroako Lau t’erdiko Txapelketa Irekia izanen da zirkuituko lehena. Larunbatean hasiko da, Irunberrin. Hamalau pilotari ariko dira lehian. 300 euro ordaindu behar izan ditu bakoitzak parte hartu ahal izateko. Irabazleak, berriz, 3.000 euroko saria eskuratuko du. Gorriti-Elola eta Errandonea II.a-Mendia izanen dira lehendabiziko aurrez aurreak. Taldeko buru gisa, berriz, Errandonea, Alustiza, Arretxe eta Armendariz ariko dira, lehiaketako azken fasean azkena jokatutako Nafarroako lau t’erdiko txapelketan bakoitzak egindako merituak eta euren kirol ibilbidean lau t’erdikoan irabazitako partidak hartu dituzte aintzat horiek aukeratzeko. Finalerdiak abenduaren 8an izanen dira, eta finala, 11n.
«Lehen txapelketan Fronti-seko pilotariak besterik ez gaude, baina espero dut laster zirkuituak arrakasta izatea eta pilotari gehiago biltzea honetara», erran zuen Errandoneak. Aspeko eta Asegarceko pilotaririk ez da izanen, beraz, Nafarroako txapelketan. Ekimenaren berri, hala ere, badute, Zuluagak jakinarazi zuenez. «Prentsa oharra igorri dugu; badakigu jakinaren gainean daudela», azaldu zuen. Errandoneak gaineratu zuen jakitun dela orain proposatu dutena pilotan aritzeko oso bestelako modua dela. «Egun, Asegarcek eta Aspek interes komertzialei ematen diete lehentasuna, kirol interesei baino gehiago; guk, ordea, kirolaren esparrua nabarmendu nahi dugu», erran zuen.Horren adibide, zirkuituaren egitura aipatu zuen pilotariak. «Lehenengo txapelketako bikoteak osatzeko, Nafarroako Lau t’erdiko azken txapelketako emaitzak hartu ditugu kontuan, baina aurrerantzean, emaitzen araberakoa izanen da sailkapena». Txapelketa ireki bakoitzeko irabazleak 8 puntu irabaziko ditu. Sailkapenaren arabera antolatuko dituzte hurrengo txapelketak. Zirkuitua amaitzeko, lehiaketa nagusi bat prestatzea da antolatzaileen asmoa, eta horretan zirkuituko zortzi onenak ariko dira, lortutako puntuen arabera.
PZLri buruz
Lehen torneoa: Nafarroako lau t’erdiko Lehen Irekia. 14 pilotarik hartuko dute parte. Horretarako, profesional mailako fitxa izan behar da, eta 300 euro jarri behar izan dituzte izena emateko.
Beste torneoak: Nafarroan, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Errioxan jokatuko dira. Lau t’erdian eta binaka jokatuko dira, eta zortzi onenek Masters txapelketa bat jokatuko dute. Oraindik ez dute zehaztu noiz eta non jokatuko den.
Puntuazio sistema: Torneo bakoitza bukatutakoan pilotari bakoitzak lortu duen postuaren arabera banatuko dituzte puntuak. Irabazleak 35, bigarrenak 25, hirugarrenak 20, laugarrenak 16, bosgarrenak 12…