Urtarrilak 27, 19:30tan (ETB 1, 23:00tan)
Eusko Label Winter Series
4. jardunaldia, finalerdiak
URREISTI-GORKA vs LADUCHE-MANCI
Ez dute erraz bihar mutrikuarrek. Finalerdietara sailkatu diren 8 pilotarietatik bi Gipuzkoako herri honetakoak dira. Biak gazteak eta azken urtean, mailaz nabarmen igo dutenak. Mikel Mancisidor «Manci» atzelaria, eta Eñaut Urreisti aurrelaria. Jokoan: Winterreko finalean sartzea. Laduchek eta Mancik partida irabazten badute, eurek izango dira final handian Erkiaga eta Ibarluzearen arerioak. Partida Urreistik eta Gorkak irabaziz gero, dena airean geratuko da. Hala ere, gauzak asko konplikatuko litzaizkieke Laduchi eta Manciri, Erkiaga eta Ibarluzearen aurka jokatu beharko luketelako sailkapena.
Bai Urreistik eta bai Mancik, «Goixarri» Mutrikuko entrenatzailea izaten dute normalean botilero. Estrategia markatu eta animoa emateaz arduratzen da. Umetatik ezagutzen ditu Eñaut eta Mikel eta berak «ateratako» pilotariak dira biak. Biharkoan hala ere, ezingo du aholkuak ematen egon. Ezin baitu baten edo bestearen alde egitea aukeratu. Goixarriren laguntza gabe hartu beharko dituzte erabakiak bi gipuzkoarrek.
Bikote laranjarentzat hil ala bizikoa da. Aurreko astean galduta, bigarren porrot batek finaletik kanpo utziko lituzke. Astebete daramate Euskal Herrian eta deskantsurako astia izan dute. Lehengo astean, hegazkinetik jaitsi eta 24 ordura, Gernikan jokatzen zeuden.
Bi bikote hauek elkarren aurka jokatutakoak dira Eusko Label Winter Series honetan. Partida estua izan zen eta Urreistik eta Gorkak irabazi zuten desenpatean: 10-15, 15-11, 5-3.
Finalerdietako ligaxka honetan hirugarren bikote bat geratzen da, finalera sartzeko aukerekin. Thomas Urrutiak eta Thibault Basquek osatutakoa. Hori gertatzeko, bihar Urreistik eta Gorkak irabazi beharko lukete eta ondoren, azken jardunaldiak, Urrutiak eta Basquek beraiei irabazi.
Euskal Telebistak gaueko 11-tatik aurrera emango du partidua, gizonezkoen futbol liga partida dela eta.