GARAIPEN ETA AGUR GOZOA URREISTI ETA GORKARENTZAT

* Aurrelari gipuzkoarrak eta bere bikotekide lapurtarrak merezitako garaipena lortu dute (2-0) Urrutia eta Basqueren aurka.

* AEB-tara itzuli eta Biscayne Cup-eko sailkapen proba jokatuko dute ostiral honetan bertan

* Winter Serieseko finala igandean jokatuko da (12:00tan) eta ostegunean ezagutuko dugu bi finalistek aukeratutako duten materiala. 

URREISTI-GORKA vs URRUTIA-BASQUE: 15-11, 15-7

Hasi zuten bezela, garaipen batekin bukatu dute Eusko Label Winter Seriesa Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek. Bikote laranja elkar ezagutuz joan da azken hilabete hauetan eta euren gaztetasunetik, bikote bezala esperientzia ere hartu dute. Nagusi izan dira Urrutia eta Basqueren aurka. Hauek, txapelketako partida kaxkarrena jokatu dute agian, eta bikote laranja gehiago izan da, bai aurrean eta bai atzean ere.

Edozelan ere, 0-4 hasi dira galtzen Eñaut eta Gorka. Estatu Batuetako joan etorriek edo, kantxara eta materialera berriz ohitu beharra dakarte. Gehiago sufritu du jet-lag hori Urrutiak, eta ez du jokoan asmatu. 4-0ekoaren ondoren, bikote laranja kantxara egin da eta 4-4, 5-5, 7-7, 10-10 eta 11-11 ere berdindu dute. Atzean seguru, sendo agertu da Gorka lapurtarra eta Eñaut Urreistik aurrean gehiago asmatu du. Partida osoan, hiru bat horma-biko jaurti ditu, kontrakantxako sarearen ondotik, ia espazio eta angulu gabe. Gorkak berriz, txula eder bat oparitu digu 14-11koa egiteko. Lehen jokoko azken tantua, Urreisti gipuzkoarrarena izan da, sahietseko posturan eginda (15-11).

Bigarren jokoaren lehen zatian, hobera egin du Urrutiaren jokoak baina seinakora arte eutsi dio bikote moreak. Hortik aurrera, jaun eta jabe izan dira laranjak eta nabarmentzekoak izan dira Mutrikuko aurrelariaren bi maisulan. Bata, errebotetik zuzenean zabalera bota duena (4-3) eta bestea, eskubiz, aurkariak engainatu eta zabalean, kasu honetan, goitik behera utzitakoa (10-6). Bigarren jokoa 15-7 bukatu da.

* Finala begibistan

Eta ia konturatu gabe, gain gainean dago Eusko Label Winter Serieseko final handia. Laugarren edizioa dugu eta Erkuaga-Ibarluzea dira faborito, Laduche eta Manciren aurka. Partida eguerdiko 12.00tan jokatuko da eta zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da ETB 1-en eta eitb.eus webgunean. Material aukeraketa ostegun honetan ezagutuko dugu. Orain arteko edizioetan, Erkiaga-Zabala, Beaskoetxea-Lopez eta Erkiaga-Ibarluzea izan dira txapeldunak.

Hala ere, dagoeneko Jai Alai League-a Estatu Batuetara begira dago. Danian, bertako gonbidapen txapelketa jokatzen ari dira eta Biscayne Cup-erako sailkapen proba da. Finalistak, Urreisti-Gorka eta Tambour-Danel dira. Partida ostiralean jokatuko da eta bikote irabazleak Biscayne Cup-en jokatuko du, Danian bertan (Florida), Erkiaga, Lopez, Manci, Barandika, Johan eta Lekerikarekin batera. Aurre-kanporaketako sailkapena set bakarrera jokatzen dute eta beraz, finala erabat irekita dago.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE