Gipuzkoarrak 40-30 nagusitu dira; Zeberiok ondo sakatu du, Lizasok, ordea, ez du bere maila eman
Berria
Galarretako atzoko jaialdirako antolaturiko ezohiko partida inor gutxik espero zuen tokitik hautsi zen 22nako berdinketaren ostean, azken hilabeteetako jokalari onena izan den Iñaki Lizasoren jokoa guztiz hondoratu baitzen. Doneztebeko atzelariaren errendimendu eskasak gehiegi erraztu zizkien gauzak Altuna eta Eizagirreri. Bikote gipuzkoarrak, bitartean, atzelariaren jokoa zamatuz aise lortu zuten markagailuan ihes egitea.
Atzokoan, ohiko partidetan ez bezala eta lehia orekatzeko asmoz, enpresak bi aurrelarietako bat sakatzera behartu zuen. Patxi Zeberiok bere gain hartu behar izan zuen sakatzeko ardura, eta Elduaingoak primeran egin zuen bere ezohiko betebeharra. Zeberiok oso altu sakatzea erabaki zuen, hala, aurreko koadroetara korrika iristeko adina denbora izateko. Elduaingoak lehen pilotakadekin asmatu zuen, sei tanto lortzeaz gain beste aurrelari Altunak hiru erresto baino ezin izan baitzituen egin. Bere bikoteak, ordea, garesti ordaindu zuen lehen zatian jokoan sartu ez izana. Partidak bi zati oso ezberdin izan zituen, hasieran tanto luze eta lehiatuak ikusi baziren, 22nako berdinketatik aurrera, bikote bakarra agertu zen Galarretako kantxa gainean. Altunak eta Eizagirrek estrategia aldatu zutenean, hain zuzen. Hasieran sakearen osteko korrikaldiaren nekea aprobetxatzeko asmoz jokoa Zeberioren gainean zamatu bazuten, bukaeran ordura arte jokoan ia sartu gabe zegoen Lizaso jo zuten helburutzat. Doneztebekoak, eroso jokatu ezinik, ezin izan zion aurkarien piloteoari eutsi. Altunak eta Eizagirrek, berriz, markagailuan ihes egitea lortu zutenean 24-28tik, 25-36ra ez zioten partidari ihes egiten utzi.
Rekalde aise gailendu zaio Iriondori 35-22
Juan Rekalde arazorik gabe nagusitu zitzaion Javi Iriondori, atzo arratsaldez Bilboko Deportivon jokaturiko Banakako Pala Txapelketako partidan. Iriondok gaizki ekin zion partidari, sakea aprobetxatu ezinik 5 falta guztira Rekalderen eskuetan utzi zuen piloteoaren agintea. Iruindarrak, berriz, ez zuen barkatu eta partida goiz hautsiz (21-12), txapelketako bigarren garaipena lortu zuen.