Bi edo hiru asterako dauka

Titin III.ari atzo egin zioten erresonantzia eta ezker belaunburuaren alboko kartilagoa dauka minduta, urtetan hartutako kolpeen ondorioz

E. TELLERIA / Berria

Urteetan pilatutako kolpeen ondorioz, belauna horrenbestetan behartzearen ondorioz sortutako lesioa du, hitz batean esanda, Titin III.ak. Horrela jakinarazi zion atzo Aspeko mediku Jose Maria Urrutiak, egindako erresonantziaren emaitza ikusita. Zera du medikuaren hitzetan: «Kondropatia bat. Ezker belaunburuaren alboko kartilagoan lesioa. Belaunburuak kartilagoa horrenbestetan kolpatzearen ondorioz sortu da kondropatia. Urteen poderioz sortu da. Ez da lesio larria, baina atsedena beharko du. Atseden aktiboa. Alegia, korrika aritu daiteke, baina belauna bihurritu gabe bi edo hiru astez».

Medikuak argitu du ez dela Titinek duena joan den ostiralean sortutako lesioa, aspalditik duen zerbait dela. «Baina garbi utzi nahi dut kondropatia batengatik ezin dela partida bat bertan behera utzi». Medikuntza ez dela zientzia zehatz bat argitzen du, eta kasu guztiak ezberdinak direla. «Ezin dira denak zaku berean sartu. Olaizola II.arena, Irujorena eta Titinena ez dira lesio berberak. Titinek zorte txarra izan zuen partidan bertan min ziztada handi bat izan zuelako, berez aspalditik duen lesio horretan. Belauna anestesiatu nion, jada ez zuen minik, baina buruan ez zeukan partida, belauna baizik».Ez du medikuak inolako arazorik ikusten Titinek normaltasunez jokatzen jarraitzeko. «Benetan kezkagarria belaunburua bera hondatuta izatea litzateke, baina ez dauka». Hori dela eta, «animoso» ikusi zuen medikuak pilotaria «hurrengo partida noiz jokatu dezakeen galdezka». Atsedena hartuta «normaltasunez» aritzeko moduan egongo dela iragarri du Urrutiak. Aspeko arduradun Fernando Bidartek jakinarazi dio jada Titini Eibarko San Andres jaietan jokatzen ikusi nahi duela. Azaroaren 30ean da San Andres eguna.

Apustuen afera

Titin III.ak eta Barriolak jokatu zuten partida horretan, historian aurreneko aldiz, bertan behera gelditu ziren apustuak. Errioxarra aldageletara sartu eta Txema Urrutia Aspeko medikuak haren belauna baldintza egokietan ez zegoela ikusi orduko, enpresako arduradun nagusi Fernando Bidarteri jakinarazi zion. Hark erabaki zuen apustuak bertan behera uztea, eta horrela jakinarazi zuten bozgorailuetatik. Titinek, ordea, jokatzen jarraitzea erabaki zuen, eta horrek zalantza asko samar sortu zituen pilotazaleen artean. EPELek aurtengo txapelketarako jarritako araudiari begiratu bat botatzea besterik ez dago zuzen jokatu zutela ohartzeko.

Araudiak, izan ere, argi uzten du, pilotari batek min hartzen badu apustuak bertan behera uzteko aukera sortzen dela, eta pilotariak jokatzen jarraitu nahi badu horretarako baimena ere baduela «bere kirol eskubideak defendatzeko». Hori da Titinek egin zuena medikuak belauna anestesiatu ondoren.Araudiak, hori bai, lesioei buruzkoak argitzen ditu esanez pilotariak partidan bertan hartu behar duela min eta eskuetako mina ez dela partida bertan behera uzteko moduko lesio gisa onartzen. Lesioaren larritasuna neurtzearen ardura enpresako medikuarena da. Hark erabaki behar du nola baldintzatu dezakeen partida pilotariaren lesioak. Ez dago, beraz, polemikarako tarte handirik, behingoz bada ere, araudia errespetatuz hartu zirelako erabakiak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE