Titinen lesioak gehiegi erraztu zion Barriolari sailkatzea

Antolakuntzak, historian lehenbizikoz, apustuak baliogabetu zituen
I.M. / Berria

Aurtengo Lau t’erdiko Txapelketan, ostiral gauean jakin zen nor sartu den aurrena finalerdietako ligaxkan: Titin III.ak lesionaturik jokatu, eta Abel Barriola nagusi zitzaion.

Historia gutxiko partida izan zen, errioxarraren ezkerreko belaunak lehen bost tantoetan eutsi ziolako bakarrik. Partidaren bezperan, belaunezurreko tendinitisa osatu gabe zuela aurreratu zuen Titinek, baina ostiral gauean kantxaratzea erabaki zuen. Baita garesti ordaindu ere.

Hala eta guztiz, Triciokoak ondo ekin zion lehiari, sakearekin asmatuz 3-0ko partziala lortu baitzuen hasieratik, 4-1ko tantoa iritsi zen arte. Piloteoa izan zen lehen tantoaren ostean, Titin mina nabaritzen hasi zen, baina beste hiru tanto jokatu zituen aldageletara sartu aurretik. Belauna anestesiaturik zeukala bueltatu zen kantxara; ordurako, pilotalekuko megafoniatik apustu guztiak baliogabetuta zeudela jakinarazia zuten. Izan ere, medikuarekin hitz egin ostean eta aurtengo legedi berrian oinarriturik, Aspeko zuzendari Fernando Bidartek partidako trabesak bertan behera uztea erabaki zuen. Historian lehenbizikoz, apustu guztiak baliogabetu zituen jokalari baten lesioak. Partida nola joan zen ikusirik, argi geratu zen Aspeko buruak arrazoi zuela: Titinek bukaera arte jokatu bazuen ere, ezinezkoa zen hark irabaztea. Abel Barriola aise gailendu zitzaion iazko txapeldunordeari, herrenka ibili batzen partida osoan. 200 pilotakada eskasen ondoren, leitzarrak lortua zuen finalerdietarako txartela.

Gaur, Beloki-Xalaeta Capellan-Olaizola II.a

Gaur jakingo dira finalerdietako ligaxka osatuko duten azken bi pilotarien izenak. Eibarko Astelenan (17:00etan), Yves Salaberri Xala-k Ruben Belokirekin neurtuko ditu indarrak. Xala izugarri ondo aritu da orain arte. Logroñoko Adarragan (17:00etan), Miguel Capellan laugarren zerrendaburuak Aimar Olaizolaren aurka jokatuko du.

 

TITIN III.A 8

BARRIOLA 22

Iraupena: 46 minutu.

Pilotakadak: 205.

Saketik: Titinek 2 eta falta bat, Barriolak 5.

Markagailua: 3-0, 3-1, 4-1, 4-4, 4-8, 4-12, 7-13, 8-18 eta 8-22.

Bestelakoak: EPELek antolaturiko Lau t’erdiko Txapelketako final-zortzirenetako lehen partida. Donostiako Atano III.an bete egin ziren harmailak. Launa berdin jarri zirenean, Aspeko zuzendaritzak apustuak bertan behera uztea erabaki zuen, Titinen lesioarengatik.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE