Titinek eta Barriolak lau t’erdiko finalerdietarako lehen txartela dute gaur jokoan Atano III.ean
E. TELLERIA – Berria
Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko da gaur gauean EPEL Lau t’erdiko txapelketako final-laurdenetako lehen norgehiagoka (22:00, ETB1, jaialdiko bigarren partida). Finalerdietako ligaxkan aritzeko lehen txartela dute jokoan Augusto Ibañez Titin III.ak eta Abel Barriolak. Errioxarrak gaurko hori du txapelketako lehen partida. Nafarrak jokatu ditu jada bi: Juantxo Kokaren kontra lehenengoa (7-22) eta Iñaki Esainen kontra bigarrena (22-10).
Kaiola barruan aurreneko aldiz jokatuko dute Titinek eta Barriolak elkarren kontra. Txapelketa horretan ez zaie sekula elkarren kontra aritu beharra egokitu, baina badute, hala ere, elkarren berri. Jokatzeko era nabarmen ezberdinak dituztelako dakite elkarren berri, eta ez dute gaur beste era batean hasteko batere asmorik.Titini partida azkarra komeni zaio. Erritmo bizikoa. Zenbat eta eroagoa, zenbat eta itogarriagoa, hobe. «Eustera eta tantoa luzatzera jokatzen badut, Barriolak hil egingo nau», onartu du Triciokoak berak. «Estilo erabat ezberdinak dauzkagu: ni motzean aritzen naiz, bera luzean. Baina biok dugu helburu berbera: kontrarioa mugiaraztea».
Titinek tendinitisa du ezkerreko belaunean
Ez du Triciokoak gaurko partida berak nahi bezala prestatzerik izan. Aspalditik dabil belauneko minez, baina ez zuen joan den astea arte kezkatzeko moduko oinazerik sentitu. Nagorerekin ari zen Labriten entrenatzen, eta bertan behera utzi behar izan zituen entrenamendua eta ostiral horretan jokatu beharreko partida. Ezkerreko belaunean tendinitisa duela esan diote, izaten omen du mina oraindik zenbait posturatan, baina ez du uste gaurko partida jokatzeko arazorik izango duenik.
«Tendinitisarekin edo tendinitisik gabe, Titinek beti ematen du barruan duena. Bete-betean aritu beharko dudala badakit», aitortu du Abel Barriolak. Txapelketako hirugarren partida du gaurkoa Leitzakoak, eta konfiantzaz eta jokoz gainezka egin behar batean dago. Kantxan duela urte eta erdi bezain erraz mugitzen da, eta pilota aspaldian ez bezala irteten zaio eskutik: bizi. Sakearen garrantzia nabarmendu du hark partidaren bezperan.Errestoa du buruan, batetik: «Titinen kontra errestoan ongi aritzea beste edozein partidatan baino garrantzitsuagoa da. Airez sartzen saiatuko da bera, eta airez sar ez dadin ahalegin guztiak egin behar ditut nik. Pilota azpitik erabili behar dut».Sakea bera du buruan, bestetik: «Nire armetako bat da. Atano III.ean, gainera, min handia egin daiteke sakearekin, pilota abiadura handiz irteten da-eta zorutik. Orain arteko bi partidetan ongi asmatu dut sakearekin». Ea gaur.