Larunbatean, pilotari besterik ez

Irurtzungoak elkarren aurka. Indarrak neurtuko dituzte etzi Nagorek eta Chafeek. Kantxan lagunik ez dagoela erran dute; bi pilotari besterik ez

Edurne ELIZONDO / Berria

Kantxan askotan egon dira elkarrekin Jorge Nagore eta Ismael Chafee. Irurtzungoak dira biak. Ongi ezagutzen dute elkar. «Zorionez edo zoritxarrez», Nagorek atzo erran zuen bezala.

Larunbateko partidan, hala ere, hori guztia ahaztuko zaie bi pilotariei. Herri berekoak direla ahaztuko zaie; herri berean haziak direla; herri berean pilotari eginak. Pilotari besterik ez dira izanen Labrit pilotalekuko kantxan Nagore eta Chafee. Inongo pilotari.«Kantxan aurkari izanen gara; partida irabazi nahi duten bi aurkari; eta biak saiatuko gara garaipena lortzen, noski», azaldu zuen Chafeek. Haren hitzak berretsi zituen Nagorek. Baina, hala eta guztiz ere, larunbatekoa partida berezia denik ezin izan zuten ukatu.«Frontoian askotan egin dugu topo herrian; grazia badu herri bereko bi pilotari aritzea txapelketa honetan elkarren kontra; zaleentzat izanen da ona, batez ere, herriko zaleentzat, eta, oro har, jarraitzaile guztientzat», nabarmendu zuen Nagorek. «Baina kantxan, bi pilotari besterik ez gara izanen», gaineratu zuen.Iritzi berekoa da Chafee. Larunbateko partidan galtzeko gutxi du. Juan Martinez Irujo kanporatu ondoren sailkatu da final-laurdenetarako; lehen mailan aritzeko eman dioten aukera ongi profitatzen ari da Chafee. Eta orain arte egindakoarekin, jada, pozik da. Martinez Irujoren aurka aritu aurretik aitortu zuen ez zuela bere burua Nagoreren kontra jokatzen ikusten. Baina hori ere eginen du.

Larunbaterako prestatzen

Eta hasi da sinesten. «Partida berezia? noski izanen dela. Baina niretzat, egia erran, partida guztiak dira bereziak. Edozein pilotariren kontra aritzea da berezia». Are gehiago Nagoreren aurka, komunean gauza asko dituztelako. «Besteak baino hobeki ezagutzen dut, zalantzarik gabe. Binaka, gainera, aritu gara elkarrekin».

Larunbatean, dena den, ez du kantxan herriko lagunarekin topo egitea espero Chafeek. «Nagore oso lehiakorra aurkituko dudala ziur naiz. Nagore gogorra aurkituko dudala ziur naiz. Lagunik ez da izanen frontoian».Norgehiagokarako prest izatea besterik ez du nahi Chafeek orain. «Oraindik nekatuta nago. Dena berria da niretzat, eta lo ere ez dut ongi egiten», azaldu zuen Chafeek. Eta begiek dir-dir egiten zioten. Kontent da Chafee final-laurdenetan ariko delako. Nagoreren aurka ariko delako. Herriko lagunarekin neurtuko dituelako indarrak.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE