«Chafeeren kontra askotan jokatu dut eta banuen bere dohainen berri» Jokin Etxaniz

Aukerak eman eta apustuak egin zalea da. Horretan ari da kargu berriari heldu zionetik. Chafeerekin asmatu du azkenekoz.

Enekoitz TELLERIA / Berria

Donostiako Atano III.ean aritu da Titinen eta Barriolaren entrenamenduak jarraitzen. Egindako hitzorduari berandu erantzun diolako barkamena eskatzen du: «Badakizu, hasten zara pilotan, hasten zara aldageletan hizketan… eta nahi gabe luzatzen da dena».

Berri txarrak eta berri onak Tolosako Beotibarren.

Berri txarrak? Bai… Irujorentzat da txarra. Baina bi pilotari hor dauzkazunean badakizu bat kanpoan gelditu behar dela.

Zer itxura hartu zenion buruz buruko txapeldunari?

Pazientzia gutxirekin ikusi nuen. Lau t’erdian gehiago landu behar da tantoa. Jendea hobeto moldatzen da defentsan eta pazientzia gehiagorekin jokatu behar da, saiatu, segi eta, aukera dagoenean, orduan bukatu.

Maldizioka, imintzioka, tokiz kanpo erabat… Horretan ere ez zuen oso itxura ona eman.

Zulorik ez zuen topatzen nonbait, eta ezinaren lanak dira horiek. Pilotari beroa da Juan, oso gaztea da oraindik, eta partidatik irten egiten da oraindik askotan. Ideia barik aritu zen, horrela ikusi nuen nik, ideia barik.

Chafee bai ondo. Zerorrek egin zenuen haren alde apustu, eta asmatu.

Pozik nago benetan, ez nire apustua izan zelako edo asmatu nuelako; berarengatik nago pozik. Banekien pilotan jokatzen zuela. Binaka agian ez du eduki merezi zuen aukerarik. Egia da Aspen hori ez dela erraza, aurrelariak oso ongi ari direlako. Hor dago Del Rey, hor dago Gonzalez… Ez da erraza. Chafee urte osoan ibili da jokoz ongi eta merezi zuen aukera bat. Nik entrenatzen ikusten nuen eta banekien jokatu egiten zuela. Binaka nik bere kontra askotan jokatu dut, eta hor ikusten nuen bazeuzkala dohainak gora egiteko. Berari irabazteko asko jokatu behar da.

Hori da bere ezaugarri nagusia?

Ez dauka dohain ikusgarririk, baina pilotari oso konpletoa da. Kantxan erraz ibiltzen da eta oso arerio ezerosoa da. Jokatuko zuela esan nionean sekulako ilusioarekin hartu zuen erronka. Ilusioarekin eta erantzukizun apur batekin ere bai, lehen partidan ikusi zen bezala.

2. Mailan badira pilotariak pilotan oso txukun egiten dutenak eta merezi dute aukera bat. Zu horretan ari zara saiatzen zuzendari tekniko postuan zaudenetik.

Guk aurten zortea izan dugu hamaika pilotari sartzeko aukera geneukalako. Apustua egin genuen Galarza VI.a eta Chafeeren alde. Xabierrek ez zuen behar bezala erantzun, baina nik badakit erakutsi zuena baino askoz gehiago jokatzen duela. Txapelketa bat jartzen baduzu sei pilotarik jokatzeko, beti jokatuko dute berdinek. Pilotari gazteei aukera ematea oso polita eta garrantzitsua da.

Lau t’erdiko txapelketako final-laurdenak: Aspek sei pilotari, Asegarcek bi. Zer esaten dizu horrek?

Txandaka doaz gauzak. Guk lanean jarraitzen dugu. Horrela tokatu da. Badakigu bi bakarrik dituztela, baina tartean faborito nagusia dute: Aimar Olaizola. Pozik egotekoa da gurea. Pilotarientzat, batik bat, hor aurrean ibiltzea saria delako eurentzat.

Aztertu itzazu final-laurdenetako partidak.

Titin III.a-Barriola: Barriola askoz hobeto ikusten dut kantxan eta kantxatik kanpora. Nola saiatu den ikusita, benetan merezi du hor goian egotea. Asko jokatu beharko du Titini irabazteko. Bere lehen partida da, ez dakit behar bezala entrenatzerik izan duen, baina entrenatu gabe ere asko jokatzen du hark.

Beloki-Xala: Xala dotore ari da. Oso erraz ibiltzen da kantxan eta gozatu egiten du pilotan. Aukera asko ikusten dizkiot. Belokiri irabaztea zaila da beti, baina oso kontrario txarra izango du.

Nagore-Chafee: Nagorek oso ongi prestatzen du lau t’erdia. Badaki binaka ez duela lehen zuen aukerarik, eta lau t’erdia aukera bat da berarentzat. Chafek, ordea, sinetsi du onenekin aritu daitekeela eta edonorentzat bihurtu da kontrario ezerosoa. Kontuz!

Capellan-Olaizola II.a: Capellan ez da eskuetatik ongi ibili eta ez du aukera asko izan entrenatzeko, ez da joan den urtekoa. Horrela egonda eta lehen Aimarren kontra… Oso partida zaila dauka.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE