Ez dauka itxura onik

Leizak berak onartu du ez diola «bete-betean» ekingo gaur Xalaren kontrako lau t’erdiko partidari

E. TELLERIA / Berria

Begiratu alde batetik, begiratu beste alde batetik, eta ezin da kontrakorik esan: ez dauka itxura onik Iñigo Leizaren eta Ives Salaberri Xala-ren arteko norgehiagokak. Leizaren apustua ongi irteten bada askoz hobeto. Ez diogu txarrik opa, eta itxura txukuna emanda partida galdu edo irabazten duela… bejondeiola. Baina ikusitakoak ikusita, eta entzundakoak entzunda, beste behin zera: ez dauka itxura onik.

Joan den astean jarri zen gaixo Iñigo Leiza. Eztarriko infekzioa, sukarra… Joan den ostegunetik asteartera ez zuen ezer solidorik jaterik izan. Zornea zeriola zuen eztarri barrena, eta lastotxo batekin aritu behar izan zuen likidoak hartzen. Antibiotikoak hartzeko agindu zion noski medikuak, eta gehiago ahuldu dute haiek. Herenegun arte ez zuen pilotarik ukitzerik ere izan, eta ganoraz entrenatzerik ere ez. Antibiotikoak hartzeari duela egun gutxi utzi dio, eta joan den asteartean jogurtak bakarrik jaten zituen oraindik. Herenegun egindako pilota aukeraketan erabaki zuen gaurko partida jokatzea, eta ezusteko handi samarra ere izan zen, egun berean Iñigo Simon medikuak berak kantxara irtetekotan «trapu zaharra» bezala irtengo zela zioelako sei kilo galdu ditu.«Sentsazio onak» dituela aitortu du Leizak. Ez dela partidarako «bete-betean» ere egongo, baina «uste» duela ongi aritzeko moduan iritsiko dela. Lemoako aurrelariak aurtengo lau t’erdiko txapelketako ezusteko handienetako bat eman zuen Patxi Eugi kanpora utzita (20-22). Loreak jaso zituen handik eta hemendik haren jokoak orduan, eta ez ahal dira horrenbeste arriskatzeagatik loreak ezten bihurtuko.Izan ere, bete-betean egonda ere nahiko lan emango dion kontrarioa du gaur Leizak Etxebarriko pilotalekuan (22:30, ETB1). Xalak ez zuen bere lehen partida behar bezala prestatzeko astirik izan, baina irabazi egin zion hala ere Patxi Ruizi (8-22). Izan du geroztik ganoraz entrenatzeko modua, eta arerio benetan arriskutsua da edonorentzat. Gustuko pilota bakarra topatu zuelako kexatu zen herenegun, eta ez dela Leizaren gaixoaldiaz fio esan zuen. Lehen bera zen aurrera egiteko hautagaia, eta orain ere bai.

PILOTA AUKERAKETAK

Irujo ez da gustura gelditu Tolosan aukeran jarritako pilotekin

Kasualitatea izango da agian, arrazoiz arituko dira agian, baina pilota aukeraketetan kexatzen diren pilotariak ia berdinak izaten dira beti, eta atzokoan ere Juan Martinez Irujo txapelduna izan zen Juan Mari Juaristi Atano XIII.a-k aukeran jarritakoekin konformidaderik izan ez zuena. «Aukeratzeko gelditu zaizkidan zortzi pilotak ez zaizkit batere gustatu. Eskerrak Chafeek aukeratutakoen artean bat azpitik dabilen, gainontzean… Gainera, hautatzaileak baztertu dituenak probatzeko aukera izan dut eta otarrean jarri dizkigunak baino askoz hobeak ziren», adierazi zuen Irujok. 104 eta 105,8 gramokoak izan ziren bereak, eta 102,2 eta 104,1 gramokoak Chafeerenak. Hark ez zuen inolako kexarik izan.

Iruñean, Esain eta Barriola aritu ziren. Kexarik ez, baina bitxikeria bat bai: Esain 20 bat minutuz aritu zen pilotak aukeratzen, bati eman eta besteari eman. Barriola hurbildu behar izan zitzaion presa sartzera, eta pilotak horrenbeste ez gastatzeko eskatzera.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE