Eskura izan zuen garaipena, herenegun, Martinez Irujo txapeldunaren kontra. Partida ez zuen irabazi, baina konfiantza puska bat bai.
E. TELLERIA / Berria
Sentsazio kontrajarriekin esnatu zen atzo, eta berdin jarraitzen zuen Berriari harrera egin zionean. Garbi du, ordea, onetik gehi- ago duela txarretik baino Astelenan gertatutakoak.
Zer moduzko astelehena? Zer zenuen buruan esnatu zarenean?
Uste baino pixka bat tristexeago jaiki naiz. Partida ona jokatu nuen igandean, ustez irabazi beharreko partida, eskura izan nuen partida. Berriro ikusi dut partida osoa bideoan, eta pena ematen dizu horren aukera ona alferrik galdu duzulako. Beste alde batetik, ongi ikusi dut neure burua. Txapelketa gogo handiz prestatu nuen, eta ikusi dut behintzat maila ona eman dudala, gauza onak egin nituela partida bakar horretan, eta alde horretatik gustura nago.
Zer analisi egin duzu partidari buruz. Zertan asmatu zenuen eta zertan ez?
Hasiera egin nuen oso ona. Banekien bete-betean neukala hasi beharra, eta hori egin nuen. Gauzak ongi egin nituen, oso zentratuta irten nintzen kantxara. Pixkanaka, ordea, gogortu egin zen partida. Alde handi samarra neukan, baina partida gogortzearekin bat hasi zen asmatzen Martinez Irujo ere. Hasieran ez zen batere eroso aritu, ni aritu nintzen bera baino erosoago, baina gero partidan sartzen joan zen. Lasaitu egin zen eta goraka egiten hasi. Ni ordurako nahiko nekatuta nengoen, paliza galanta hartu genuen, eta nekeak ere bere lana egiten du. Behera egin nuen eta buelta handi bat eman zidan berak. Galdu egin nuen; pena da.
Aldi berean, ordea, onenekin aritzeko moduan zaudela erakutsi diozu zeure buruari. Hori positiboa da.
Zalantzarik ez dago. Galdu egin nuen, baina atzoko partidaren analisia erabat positiboa da. Martinez Irujo txapelduna da, eta txapelduna estu hartu nuen. Nire ustez, bastante estu. Kontent nago alde horretatik, neure burua gai ikusi nuelako hor goiko onentsuenekin aritzeko.
Oso gazte egin zenuen debuta profesionaletan. Aurtengo udan eman duzu orain arteko mailarik onena, San Mateo Torneoa mugarria izan zen nolabait, eta lau t’erdian ere itxura ona eman duzu. Sumatzen duzu zuk jauziak ematen ari zarela?
Azken urte honetan egin dut hobekuntzarik handiena. Uda hasi zenetik ari naiz ongi, pilotan gogoz ari naiz, eta entrenatzen serio. Badakit oraindik asko daukadala hobetzeko, lan asko daukadala egin beharra, eta onenekin aritu nahi badut lanean jarraitu beharra daukadala. Badakit orain debutatu zuen pilotariaren aldean beste bat naizela. Partidak-eta lasaiago hartzen ditut, zentratuago irteten naiz kantxara, eta horrekin gauzak hobeto egiten ditut.
Lana gogor egin eta fruituak badatozela ikusi. Egoera ideala.
Hori da. Uda hau benetan gogoz hartu dut pilota, goikoekin, onenekin aritu nahi nuen, hori jarri nuen helburu gisa uda hasieran, eta lortu dut. Partida asko jokatu ditut, irabazi ere bai asko, uda amaieran nire saria izan nuen sanmateoekin, eta orain eduki dut beste sari bat lau t’erdiarekin.
Zer esan zizun Julian Retegik partida amaitutakoan.
Berak ere izugarrizko pena zeukan, baina asko animatu ninduen. Nik emandako mailaz oso kontent zegoela esan zidan, eta kontent ni ere hori entzuteaz.
Hemendik aurrera zer?
Ni orain oso motibatuta nago bide beretik jarraitzeko. Badakit lan eginda hor goian jarraitzeko aukerak ditudala. Orain binaka hasi beharko dut berriro jokatzen, eta ea binaka ere pilotari onenenekin aritu eta haien mailan toki bat egiten dudan.
Bestela, zer itxura hartzen diozu lau t’erdiko txapelketari. Asteburu hau nahiko argigarria izan da faborito batzuen sasoi puntuari dagokionez ezta?
Lau t’erdia oso distantzia zaila da. Kontrarioa apurtzea ez da batere erraza eta erabat apurtzen ez baduzu litekeena da kontrarioari gauzak ongi irteten hastea eta partida erabat zailtzea. Horregatik, nik neronek ez dut faborito argirik ikusten. Lehiakortasun handia dago.