Barriolak eta Kokak abiatuko dute gaur lau t’erdiko txapelketako bigarren jardunaldia, Oiartzunen
E. TELLERIA / Berria
EPELen lau t’erdiko txapelketako bigarren jardunaldia abiatuko dute gaur Abel Barriolak eta Juantxo Kokak Oiartzunen (22:30, ETB1). Final-hamaseirenetako norgehiagoka da, eta Iñaki Esainen kontra neurtuko ditu indarrak gaurko irabazleak. Gaur hasi eta astelehena bitartean jokatuko diren lau partiden artean lehenengoa da.
Abel Barriolak berak argitu zuen joan den asteazkeneko pilota aukeraketa egunean pilotari bakoitzak duela bestearen berri, eta, jokatzeko moduari dagokionez behintzat, ez dela gaur ezusteko handirik izango Madalensoro frontoian. Atzelari bat eta aurrelari bat ariko dira, beste behin, elkarren kontra. Barriolaren lana izango da pilota luze erabili eta kontrarioa alde batera eta bestera mugiaraztea, pilota oinetara jarri, korrikan leherrarazi eta tantoa bukatzea. Kokaren lana izango da erasora jokatu, aireaz baliatu, erritmoa uneoro apurtu eta kontrarioa zirikatzea, bere betiko bi paretako ezagunarekin tantoa amaitzeko.Juantxo Koka kontrario ezerosoen artean ezerosoena da. Txapelketa bakoitzean uzten du hori agerian Altzakoak, nahiz eta Asegarce bere enpresak ez duen askotan bere eginahal eta lorpenen neurri berean saritzen. Aurtengo txapelketan aritzeko txartela ere aurrekanporaketa bat jokatu eta irabazi ondoren lortu du Pablo Berasaluze hartu zuen mendean (22-9), eta urtero dauka aldarrikatu beharra onen artean aritzeko maila baduela. «Pablitoren kontrako partida segada bat izan zen, baina partida honetarako denbora gehiago izan dut prestatzeko», aitortu zuen Kokak pilotak aukeratzeko egunean.Izan ere, zerbait izatekotan, pilotari argia da Koka. Bere mugen berri badaki, bere dohainen berri ere bai, eta neurri berean daki kontrarioen ahuluneak topatzen ere. «Pilota geldoak aukeratu ditut, Barriola aurreko koadroetara ekarri ahal izateko. Pilota arinekin oso ongi moldatzen da hura, eta ezin diot bere jokorik egiten utzi», azaldu du 107 gramoko pilota bat du aukeratutakoen artean. Horren guztiaren berri badu Barriolak, baina Koka baino gehiago izan beharko luke lau t’erdian. Pilotari osoagoa da eta kolpe freskoagoa du. Behin izan da txapeldun (2001) eta beste behin txapeldurnorde (2002). Kaskarra egin zuen iazko urtea, gorabeherez betea aurtengoaren hasiera, baina maila oso onean daramatza azken hiru hilabeteak. Pilotazaleak txundituta utzi zituen pilotari hura izan nahi du berriro Leitzako atzelariak, eta gaur du gora bidean lehen urratsa egiteko aukera.
Bigarren jardunaldiko azken bi pilota aukeraketak gaur egingo dira. Gernikako Santanapen, Asier Olaizola eta Ismael Chafee (11:30). Eibarko Astelenan, Martinez Irujo eta Oinatz Bengoetxea (16:30).