Xalak Patxi Ruiz makurrarazi du Labriten, lau t’erdiko txapelketako lehen kanporaketan
i.M. / Berria
Umiliatu, zapaldu, txikitu, bakoitzak aukera dezala nahiago duen aditza, hirurek ala hirurek primeran islatzen dutelako, atzo, Xalak Patxi Ruizekin egin zuena. Lekuinekoa atzora arte kaiolako txapelketan partidarik irabazi gabea zen, eta arantza hori kentzeko asmoarekin kantxaratu zen. Eta nola kendu, gainera!, ordu erdia bete gabea zenean, Xalak 19-1ekoa jarria baitzeukan markagailuan.
Ehiza bolada hasia delako, edo lau t’erdiko txapelketako lehen kanporaketa baino ez zelako, Labriteko harmailak betetzetik oso urrun gelditu ziren atzo. Halere, baliteke, ez bata, ez bestea ez izatea, eta katedrak, beste behin, bere jakinduriaren erakustaldia emanez bertan egongo zen ikuskizuna aurreikusi eta pilotalekura ez hurreratzea erabaki izana. Izan ere, Xalak erakustaldia eman zuen bitartean, Patxi Ruiz are gehiago hondoratu zen bere joko bolada txarrean. Lizarrakoa oso urrun gelditu zen duela hiru hilabete, Labriten, Nafarrako lau t’erdiko txapelketaren finalean erakutsiriko joko mailatik.Hori gutxi balitz bezala, atzokoan, egungo jokalaririk erabakigarrienarekin egin zuen topo. Xalak lau t’erdian egin beharreko jokoaren eskuliburua ezin hobe jarraitu zuen. Lehenbizi sakearekin jokoa behartu, gero txapagainean gogor moztuz aurkaria frontisetik urrundu, eta, azkenik, boleaz edo bi paretaz zaleen txaloa eragin. Xalak txapelketarako bere hautagaitza aurkeztu zuen, eta entrenamendu berezirik egin gabe, Ruiz makurrarazi zuen. Orain, aldiz, hamabost egun ditu hurrengo partida prestatu eta txapela janzteko gai dela sinesteko.
19-1 hasieratik
Xala partida laster erabakitzeko asmoz kantxaratu zen; baita egin ere. Artekariek ez zituzten hamar minutu ere zutik iraun, ordurako Lekuinekoak partida erabaki zuelako. Lehen hiru tantoak sakez lortu bazituen, hurrengoak boleaz, dejadaz eta Ruizen hutsen bidez iritsi ziren: 19-1 markagailuan eta aharrausiak nagusi harmailetan. Akaberaren atarian, partidak konponbiderik ez zuenean, Ruizek markagailua atontzea lortu zuen, Xalaren erruei esker batik bat.
Bestalde gaur Eugik eta Leizak lau t’erdiko lehen faseko laugarren kanporaketa partida jokatuko dute gaur (17:00) Altsasuko pilotalekuan. Lemoar gaztea ezustekoa ematen saiatuko da faborito den Eugiren aurrean.
RUIZ 8
XALA 22
Iraupena: 43 min.
Pilotakadak: 224.
Markagailua: 2-0, 5-0, 5-1, 7-1, 9-1, 11-1, 13-1, 15-1, 17-1, 19-1, 19-2, 20-2, 20-5, 21-5, 21-8 eta 22-8.
Bestelakoak: EPELek antolaturiko Lau t’erdiko txapelketako lehen kanporaketako partida. Iruñeko Labrit pilotalekuko harmailak erdia baino ez ziren bete. Apustuetako dirua Xalaren alde irten zen. Pilotari ugari hurreratu ziren partida ikustera.