Jokin Etxanizen apustu pertsonala da, eta gogotsu ekingo dio txapelketari; atzelaria bada ere oso gustuko duelako lau t’erdian aritzea
iMANOL MAGRO / Berria
Bilbotik iritsi berritan, Lemoako pilotalekuan egin dute hitzordua Galarza VI.ak eta Berria-ko kazetariak. Xabier Galarzak hitz-jario handia dauka, bizkaitarrez egiten du berba eta gustuko du pilotaz luze mintzatzea.
Nola iritsiko zara lau t’erdikoaren hasierara, hala eskuz nola jokoz?
Abuztuan asko kargatu nuen eskua eta hiru aste egon naiz jokatu gabe eskuko iltzea zela eta; halere, orain ondo nagoela uste dut. Nik eskua ondo ikusten baitut, beroketa ondo egiten badut ez dut batere minik izaten. Jokoz, berriz, eginiko entrenamenduetan ondo ikusi dut neure burua, baina, beno, gero partidetan ikusi behar da.
Udan lan eskerga izan duzu, horrek zure jokoari kalte egin al dio?
Ez, inola ere ez. Eskua zamatu dit, baina ez dut uste nire jokoari kalte egingo dionik. Beldurra ematen didana zera da, ia hilabete osoa zuriz jantzi gabe egon ostean lau t’erdian hastea. Ez da beldurra, baina nahiago nuke aurretik partidaren bat jokatu izan banu, jokoan sartzeko.
Ezustea izan al da zuretzat lau t’erdiko txapelketan sartzea?
Bai, ezustea izan da niretzat. Izan ere, lau t’erdian aritzea asko gustatzen bazait ere, bigarren mailako txapelketa ez dagoenez ez dut nire jokoa erakusteko paradarik izan.
Zergatik hautatu zaituzte?
Iaz, Imanol Agirre Aspen zegoenean lau t’erdiko txapelketa prestatzen lagundu nion. Halako batean, Jokin Etxanizek nik Imanolen aurka jokaturiko partida bat ikusi zuen eta nire jokoak harritu zuen. Aurten, aldiz, Jokinekin hainbat entrenamendu egin ditut. Bere irudiko ondo moldatzen naiz lau t’erdian, eta aukera hau eman dit. Ni lau t’erdiko txapelketan baldin banago Jokin Etxanizi esker da.
Zale askok ez zaitu kantxa gainean ezagutzen, deskriba ezazu nolakoa den zure jokoa?
Oso gogor sakatzen dut, eta bi eskuekin nahiko indartsu ematen diot. Aurrean, aldiz, aukera dudanean bi pareta eta dejadarekin arriskatzea gustatzen zait, batzuetan kanpora joaten baldin bada ere. Ahuleziak?, kantxan asko mugitzen banaute, apur bat sufritzen dut, ez baitaukat aurrelari batek eduki dezakeen trebetasunik.
Atzelaria izanda, nola moldatzen zara lau t’erdian?
Atzelaria edo aurrelaria izateak ez du hainbesteko garrantzirik, niri asko gustatzen baitzait lau t’erdian jokatzea, gaztetan aurrelari aritu nintzen eta baliteke horregatik izatea. Horretaz gain, hainbat atzelarik oso beheko jarrerak dituzten bitartean, nik, gerriz ematen diot eta hori oso jarrera egokia da lau t’erdian jokatzeko.
Zer moduz joan dira entrenamendu espezifikoak? Leitza eta Agirrerekin aritu omen zara.
Ondo, eskuak ondo erantzun dio lanari eta gustura gelditu naiz eginiko saioekin. Beno,esan beharra dago Eugirekin ere entrenamendu batzuk egin ditudala eta nahiko lan eman diet.
Eta Eugirekin zer moduz aritu zara?
Beno, berari ere gogor egin diot, baina onartu beharra daukat Patxi oso ondo dagoela. Nik oso gustuko dut Eugiren jokoa, oso profesionala baita eta izugarrizko garaipen gosea duelako. Berak dena ondo egiten baitu, eskuak ondo balitu sekulako maila emango luke, hala banaka nola lau t’erdian. Niretzat, Patxi Eugi jarraitu beharreko eredua da.
Gaur lehenbizikoz jokatzen duzu lehen mailako txapelketa batean, urduri al zaude?
Egia esan, oraingoz, ez daukat inolako urduritasunik, ni lasai nago, hori bai partidan etengabe pentsatzen. Partidaren aurretik, berriz, tentsioa nabarituko dut, urduritasuna baino gehiago partida aurretiko tentsioa. Gaurkoa, nire jokoa erakusteko parada ezinhobea baita, lau t’erdian arazorik gabe joka dezakedala erakusteko.
Eta Esain, nola ikusten duzu?
Aspaldian ez dut jokatzen ikusi, baina, esan didatenez, azken egunotan oso ondo aritu da entrenatzen. Egia da hatzeko ebakuntza egin ziotela, eta, horregatik, ezin izan du partida nagusirik jokatu; hala eta guztiz, ezin da ahaztu curriculum polita daukala. Bi eskuekin ondo jo, eta tantoa erraz bukatzen du, aurrelaria izanda, teorian, ni baino hobeto moldatu beharko litzateke.
Non egon daiteke partidako giltza?
Partida hasieran egongo da, hasiera oso garrantzitsua delako beti, are gehiago buruz buru. Askotan hori pasatzen da, ondo hasten denak ondo bukatzen du.
Zer-nolako jokoa egiten saiatuko zara?
Nire jokoa egiten saiatuko naiz, sakea ahalik gogorren atera eta luze jokatuz Esain frontisetik urruntzen saiatu, aukera dagoenean gogor eman tantoa bukatu ahal izateko. Gero defentsan ea nola moldatzen naizen.
Asteburu honetan beste hiru kanporaketa jokatzen dira, nola ikusten dituzu?
Agirre eta Galarzarena, oso estua izango da biak oso ondo dabiltzalako. Imanol lasai irteten bada, irabazteko aukerak ditu, baina Enrike buruz buru oso ondo moldatzen da eta oso zaila da bietako bat azpimarratzea. Eugi eta Leizaren artekoan, berriz, Patxi faborito irtengo da, baina Leiza ere oso ondo iritsiko da. Gero, Xala eta Ruizena, biak pilotari handiak dira. Xalak entrenatzerik izan ez badu ere, oso momentu egokian iristen da eta halakoetan hatz potoloarekin emanda ere barruan jausten da.
Txapelketa orokorrean nola ikusten duzu?
Nire ustez, oso goiz da pronostikoren bat egiteko, lehen kanporaketatik irteten den jendeak, Xala, Barriola, Irujo, OlaizolaÉ maila handia eman dezakeelako. Gero Enrike Galarza bezalako jokalariek ere ezustea eman dezakete; orokorrean txapelketa irekia da, edozeinek irabaz dezake.
Lemoa inguruko hiru pilotari sartu zarete txapelketan; azken urteetako txakalaldiaren ondoren, badirudi Bizkaian ere eskua berpiztu dela.
Egia da bat-batean, hiru batu gara. Gero ere Berasaluze ere hor dago, niretzat ona da, zaletasuna sortzen laguntzen duelako. Beheko mailetan zaletuak falta dira, eta hori aldatzeko beharrezkoa da hor goian bizkaitarrak egotea.
Aurtengo lau t’erdiko beste berezitasuna, kalamukiek ez dute positibo emango. Nola ikusten duzu?
Anekdota kurioso bat baino ez da, egia esan nahiko erabaki aurrerakoia iruditzen zait pilota mundurako. Nik ez dut erretzen, ezta tabakorik ere, baina ez dut uste kalamuak edo haxixak errendimendua hobetzen duenik. Halere, nire ustez, hainbat pilotalekutako puru kea okerragoa izan daiteke, horrek gehiago itotzen zaituelako.