Galtzen joan arren, partidari buelta emateko gai izan ziren donibandarra eta bidartarra
BEREIKUA – FELIX 25
BARONIO – IRASTORZA 35
Gara
Munduko Zesta Txapelketa amaitzen ari da. Atzo gauean, Goikoetxea-Enbil eta Alberdi II-Lopez bikote zumaiarrek bigarren finalerdia jokatu zuten, eta herenegun, Baronio eta Irastortza lapurtarrak eta Bereikua eta Felix izan ziren aurrez aurre finalerako txartela lortu nahian.
Partida txukuna jokatu zuten Bereikua-Felix eta Baronio-Irastortza bikoteek.Norgehiagokaren hasiera oso parekatua izan zen, baina hamahiruna berdindu eta gero, bizkaitarrek min handia egin zuten beren pilota motelarekin, eta aurrea hartu zuten. Hala eta guztiz ere, ez zuten alde handiegirik lortzerik izan gehienez lau tanto izan ziren aurretik.
Felix ondo ari zen atzeko aldean, eta frontisaren koadro hurbilenetan Bereikua hilaren hasieratik Euskal Herriko txapelduna zen nagusi. Baina bigarren zatia guztiz ezberdina izan zen.
Lapurtarrek pilota biziago bat atera zuten eta Felixi lana pilarazi zioten. 21-17 galtzen joatetik 26-21 irabaztera pasatu ziren donibandarra eta bidartarra, bertako zaleen zoriontasunerako.
Gorriek behera egin zuten nabarmen, urduritasunagatik agian, eta finalera pasatzeko egin behar ez zituzten huts batzuk izan zituzten. Baroniok eta Irastortzak ez zuten kale egin, eta finalean izango dira.