Euskal Herriko Banakako Pala Txapelketa eta Binakako Zestakoa aurkeztu dituzte Deportivon
IManol MAGRO / Berria
Hitzordu berean hiru txapelketa aurkeztu zituzten atzo goizean Bilboko Club Deportivo pilotalekuan. Aurkezpenaz gain, azken asteetan erremintaren mundua aztoratu duten beste bi gai ere izan ziren hizpide agerpenean: Deportivoren birmoldaketa eta Jai Alai Sporten sorrera.
Bi izan beharrean hiru izatea Pala Txapelketak jasan duen birmoldaketa sakonaren fruitu da. Izan ere, Eusko Basqueko zuzendaritzak nahiago izan du eskailera eredu zaharra alde batera utzi, eta liga formatodun bi maila desberdinetako txapelketak antolatzea. Hortaz, aurtengoan lehenengo eta bigarren mailako Euskal Herriko Pala Txapelketak jokatuko dira.
Dena den, hau ez da egurraren buruz burukoak izango duen aldaketa bakarra, aurtengo txapelketan parte-hartzaile guztiek sailkatze fasea jokatu beharko dutelako. Eusko Basqueko presidente Aitor Totorikaren hitzetan, pilotari guztien «maila altuak» behartu du denak parekatzera. Beraz, banakako txapelketaren zortzi partaideek elkarren aurka jokatu beharko dute sailkatze faseko ligaxkan. Ligaxka hau itzuli bakarrera jokatuko da, eta lehen lau sailkatuek lortuko dute finalerdietarako txartela. Bestalde, ligaxka azken postuan bukatzen duenak, maila galdu eta bigarren mailako txapelketa jokatuko du datorren urtean. Bigarren mailako txapelketaren lehen sailkatuak, berriz, lehen mailakoa jokatuko du heldu den urtean.
Euskadiko Binakako Zesta txapelketa, aldiz, berrikuntza gutxiagorekin iritsi da. Goikoetxea falta bada ere, Eusko Basquek pilotari multzo polita batu du Binakakoa jokatzeko. Pilotariok bi multzotan ariko dira, eta multzo bakoitzeko lehen biek finalerdietarako txartela lortuko dute. Totorikak aurkezpenean zehaztu zuenez, txapelketa hau Bilbon, Gernikan, Donostian, Gallartan, Zumaian, Mutrikun eta Durangon jokatuko da. Azken hau, oraindik «lotu gabe» badago ere.
Deportivo eta Jai Alai Sport
Aurkezpenean, hizlariek, beste bi gai izan zituzten hizpide. Lehenik Euskadiko Pilota Federazioaren lehendakari Txema Aldamiz Etxeberriak «beste zesta enpresaren», Jai Alai Sporten inguruan alegia, mintzatu zen. Bere hitzetan federazioa enpresa berriarengana gerturatuko da heldu den azaroan, hurrengo urteko Banakako eta Binakako Zesta Txapelketan parte hartzea eskaintzeko, «beti ere, beharrezkoak diren betekizunak betetzen badituzte». Bete behar hauek, pilotariek Euskadiko Federazioko fitxa egitea, eta lan kontratua legeztatzea lirateke.
Bestalde, Aitor Totorika Bilboko Club Deportivoren birmoldaketaz, beste behin, egin zuen berba. Halere, atzokoan aurreko agerpenetan baino hizkera baikorragoa plazaratu zuen. Izan ere, «erakude ofizialekin» izandako bileren ostean, Totorikak «ziurtatu» zuenez, «ez da Palari min egin liezaikoeen egitasmorik bideratuko». Era berean «erru historikotzat» jo zuen Bilbok pilotaleku motza ez edukitzea, eta gogor kritikatu zuen pilotaleku motzaren helburuarekin pala «kaltetu» nahi izan duten ahotsak.