Goikoetxea eta Enbil dira, adituen ustez, lehiaketa irabazteko faborito nagusiak
Jon LEUNDA / Gara
Bihartik aurrera jokatuko dute, Donibane Lohizunen, zestako Muduko Txapelketa.Hasiera batean, Pauen zen izatekoa, baina pilotalekua prest ez dagoenez, Lapurdin izango da.
Sei bikok hasiko dute urriaren 2an amaituko den lehiaketa hori. Antolatzaileek bi multzotan banatu dituzte, eta bakoitzean hiruna biko izango dira. Denek denen aurka jokatuko dute, eta lehen fasea bihartik igandera izango da.
A multzoan, Goikoetxea-Enbil, Baronio-Irastortza eta Egiguren II-Jon Arriaga izango dira. B multzoan, Alberdi II.a-Lopez, Etxalus-Barrondo eta Bereikua-Felix neurtuko dira. Multzo bakoitzetik lehen bi sailkatuek egingo dute aurrera, eta irailaren 29an eta 30ean jokatuko dituzte finalerdiak. Lehen egunean, A multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da B multzoko lehen sailkatua, eta bigarren egunean, A multzoko lehen sailkatua B multzoko bigarrenaren aurka neurtuko da. Urriaren 1ean hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatuko dute;eta 2an, berriz, final handia izango da.
Lehen faseko partidak, berriz, honela izango dira: etzi, 20.30ean hasita, Goikoetxea-Enbil Egiguren II.a-Jon Arriagaren aurka neurtuko dira; eta jarraian, berriz, Alberdi II.a-Lopezek Bereikua-Felixen aurka jokatuko dute. Larunbatean, ordu berean, Baronio-Irastortza Egiguren II.a-Jon Arriagaren aurka neurtuko dira, eta jarraian, Etxalus-Barrondo Bereikua-Felixen aurka. Igandean, 17.00etan, Goikoetxea-Enbilek Baronio-Irastortzaren aurka jokatuko dute lehen partida; eta bigarrena, berriz, Alberdi II.a-Lopezek Etxalus-Barrondoren aurka. Bi finalerdiak 20.30ean hasiko dira, baita hirugarren eta laugarren postuko partida eta finala ere.
Euskaldunak bakarrik
Lehiaketa horretan ez da atzerritarrik egongo, pilotari guztiak euskaldunak izango baitira, nahiz eta Nazioarteko Federazioak atera zuen txostenean pilotari guztiak Espainiakoak eta Frantziakoak bezala agertzen diren. Euskal Herrian jokatuko dute, eta pilotari guztiak euskaldunak dira, baina euskal hitzik ez, ez aurkezpenean, ez txostenean, ez inon. Baina Nazioarteko Federazioa ezagututa, ez da harritzekoa, beti horrela jokatzen baitu.
Estatubatuarrik ere ez da izango lehiaketa horretan, eta horri buruz honako hau adierazi zuten: «Berak ez daude partida luzeak jokatzen ohituta. Eurak kinieletan aritzen dira, eta neurketa laburrak izaten dira. Horrez gainera, udan hemen aritu ez den pilotari bat Mundialera ekartzea oso zaila izaten da». Goikoetxea-Enbil izango da, adituen ustez, bikorik sendoena.