·Kubako eta Mexikoko pilotariak jaun eta jabe izan dira eskuzko txapelketetan
Gara
Amerikarrak izan dira Trinketeko Munduko Kopako izar nagusiak. Ezker paretan gertatzen den moduan, eskuak du jendearentzat garrantzirik handiena, eta horretan kubatarrek eta mexikarrek jendea liluratzen jarraitzen dute. Bakarkakoan Kubak jantzi du urrezko domina, eta Binakakoan, berriz, Mexikok.
Waltari ikusteko gogoz zeuden zaleak, eta kubatarrak ez du hutsik egin. Bera zen munduko txapelduna, eta Munduko Kopan ere gauza bera egin du. Finalean Marc Berasategiren aurka neurtu zen.Iaz arte pilotari profesionala izan zen, baina aurten berriro ere amateurretan ari da. Kubatarrak 40 eta 25 menderatu zuen. Waltari jaun eta jabe izan zen, eta nahi zuen guztia egin zuen, aurkariari inongo aukerarik eman gabe.
Eskuz binaka Mexiko eta Frantzia neurtu ziren. Beltran eta Santamaria ziren Munduko txapeldunak, baina aurrelariak pilota utzi egin du, eta Loquillo jarri dute bere ordez. Gauzak ez dira apenas aldatu, eta amerikarrek urrezko domina jantzi dute, Belaskaini eta Teileriri 40 eta 28 irabazita. Partida horretan ere mexikarrek nahi zuten guztia egin zuten.
Hiru amerikar horiek ikusten jarraitu nahi duenak, ikusteko aukera izango du, bihartik aurrera Senpereko Torneoan arituko baitira. Gero, Waltarik profesionalen aurka neurtuko ditu indarrak. Igandean, Paxkal Ezkurra izango du aurrez aurre Senperen. Hilaren 19an berriro ere Paxkal Ezkurraren aurka neurtuko ditu indarrak, baina orduan Angelun arituko dira.
Paletan, gomazko pilotekin ere amerikarrek nagusi izaten jarraitzen dute, baina oraingoan argentinarrak dira. Dick eta Cimadorrek gogotik egin behar izan zuten lan Lisar eta Suzane frantziarrei 30 eta 23 irabazi ahal izateko. Partida ederra eskaini zuten lau bikoek, eta argentinarrek beren tanto ikusgarriak egiteko parada ere izan zuten.
Xaren ere ez zuten kolorerik izan, Frantziak aise menderatu baitzuen Espainia. Zelan eta Sanglarrek 40 eta 21 irabazi zioten Lopetegi eta Vinuesari.
Paletaz larruzko pilotarekin izan zen ezusteko nagusia. Cazemayor eta Bergerot frantziarrak ziren faborito, baina Altadil eta Rodriguez espainiarrek bereganatu zuten urrea 40 eta 34 irabazita. Paletaz, gomazko pilotekin, baina emakumezkoek, jokatu zuten finalik estuena. Denak euskaldunak ziren, beste kirol molde batzuetan gertatu zen bezalaxe, baina Frantzia eta Espainia ordezkatuz neurtu ziren.
Mendizabal eta Ruizek 30 eta 29 irabazi zuten Leitza eta Houlseten aurkako partida. Txapelketako pilotaririk onenaren saria, berriz, Santamaria mexikarrak jaso zuen.