Kurutzetako ‘sarraskia’

Zearrak eta Olaizola I.ak ez dute jokatuko Sanmateoetako Torneoa; Otxandorena kolokan dago

IMANOL MAGRO / Berria

Ez dago zorteko Asegarce Logroñoko Sanmateoetako Tornearen atarian. Sasoi hoberenean zuen atzelariak eta bere bigarren aurrelari onenak ez dute parte hartuko Errioxako torneoan. Oier Zearrak izterrean eta Asier Olaizolak bizkarrean haragi-etenak dauzkate eta ezingo dira hurrengo hiru astean kantxaratu. Eta Otxandorena kolokan dago, hatzeko minez.

Hiru pilotariek batera jokatu zuten ostiral gauean, Galdakaoko Kurutzeta pilotalekuko partida nagusian. Bertan, Imanol Agirrek eta Oier Zearrak Asier Olaizolaren eta Otxandorenaren aurka jokatu zuten, baina partida ezin izan zen bukatu, markagailuak 17-18koa erakusten zuenean Oier Zearrak bertan behera utzi behar izan zuelako norgehiagoka. Punpa txarra egin zuen pilota bat jasotzera joan zenean, galdakoztarrak sastada mingarria nabaritu zuen eskuin izterreko atzealdean. Aldageletan minutu gutxi batzuk pasatu eta gero, berriro ere bere herrikideen aurrean jokatzen saiatu zen. Ezinezkoa, jarri zioten benda ez zen nahikoa izan eta minak ez zion partida bukatzen utzi. Partida bukatu berritan Zearrak berak «galdutzat» jo zuen Sanmateoetako Torneoa. Galdakoztarrak «ziurrenik» haragi-etena izango zela adierazi zuen. Pilotariak gau txarra pasatu zuen; minak ez zion lo egiten utzi. Igande goizean Gasteizera joan zen, Asegarceko mediku Iñigo Simonen kontsultara. Lehen azterketak egin bezain laster, medikuak Zearrak Logroñon jokatzea «ia guztiz ezinezkotzat» jo zuen. Halere, erresonantzia magnetikoaren emaitza itxaron beharra zegoen lesioaren larrritasuna zehazteko. Eta emaitzak arrazoi guztia eman zion Zearrari.Atzo eguerdian Gasteizko La Esperanza klinikan eginiko probetan aurreikuspen okerrenak bete ziren: Zearrak haragi-etena du eta ezingo du hurrengo lau astean jokatu. Horrenbestez, galdakoztarra ezingo da ez Logroñoko, ez hain gustuko dituen Gernikako jaialdietan aritu.

Olaizola I.aren bizkarra eta Otxandorenaren hatza
Dena den, Zearra ez zen izan Galdakaoko jaialdiak utzi zuen biktima bakarra, aurreko bikoteko bi pilotariak ere minduta joan ziren aldagelara. Iñaki Otxandorenak behatzeko minez bukatu zuen eta Olaizola bizkarreko minez kexu zen.

Goizuetakoari atzo arratsaldez egin zioten erresonantzia magnetikoarekin ere aurreikuspen okerrenak bete ziren. Lehen azterketan Asegarceko medikuak kontraktura bat zela adierazi bazuen ere, atzoko probaren emaitzek zehaztu behar zuten lesioaren larritasuna zenbatekoa den. Erresonantziak lehen diagnostikoa ezeztatu zuen: Asier Olaizolak zentimetro eta erdiko haragi-etena dauka eskuin gihar dorsalean. Bere anaiari hainbeste buruhauste ekarri dizkion gihar berdina da. Medikuak 15 eta 20 egun bitarteko errekuperazio epea eman dio jokalariari. Horrenbestez, goizuetarrak ezingo du Logroñoko torneoan jokatu.Otxandorenak, berriz, hatza zuritua zuela eta minez bukatu zuen. Lehen azterketan Asegarceko medikuak hatzak «itxura txarra» zuela eta jokalaria minez zegoela onartu zuen. Atzo eguerdian, Otxandorena Donostiako Pakea klinikara joan zen. Bertan Ander Letamendia medikuak tratamendu berria ezarri zion odol zirkulazioaren jarioa handitu eta hatz zuriaren gaitzari aurre egiteko. Minaren arabera erabakiko dute Otxandorena Logroñon jokatuko duen. Dena den, pilotaria baikor ageri zen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE