Bereikuak bereganatu du Euskadiko Banakako Zesta Txapelketa, iragarpen guztien kontra
Bianditz Iraola / Berria
Zestak badu aurten bere txapelduna: iragarpenen kontra, Julen Bereikuak Iñaki Osa Goikoetxea menderatu zuen, partida estua jokatuta. Berak izan zuen estreinako sakea, baina Goikoetxeak egin zion lehen tantoa, eta partida hasieran bere gain hartu zuen erritmo jartzeko ardura.
Zumaiarra faboritoa izaki, hori egitea zegokion, eta Bereikua haren pilotakadei nola edo hala eusten saiatu zen. Ezer handirik egin gabe, ordea, biek pare- parean jarraitzen zuten, markagailuan tarte handirik hartu ezinda. Partidaren lehen zatian bina, hiruna, seina, zortzina eta hamarna berdindu zuten. Bereikua saiatu zen dejada bat baino gehiago egiten, baina ez oso ausart, eta bat baino gehiago harrapatu zion Goikoetxeak.Tanto luzeak ziren, eta, piloteoan dominatuagatik, hutsak ere izan ziren bien aldetik. Goikoetxeak errebotera joandako pilota asko ez zituen behar bezala neurtu, eta atzealde hartan galdu zitzaion pilota bat baino gehiago.Seinako berdinketarekin Bereikuak saskiaren takoa hautsi zuen, eta aldageletara joan behar izan zuen. Erritmoa moztu zuen, baina behin berriro berotu ondoren, partidako tanto ikusgarrienak egin zituen.
Hamarreko berdinketaren ondoren, dejadak, bi paretak eta nahi zuen guztia egiten hasi zen Bereikua. Goikoetxea partidatik kanpora zegoela zirudien; korrika egiteko, trakets. Bizkaitarrak zortzi tanto egin zituen jarraian, eta irabaz zezakeela sinetsi zuen. Gipuzkoarrak huts asko eta handiak egin zituen, gainera.
Goikoetxea berehala zuzpertu zen, ordea, eta berriro partida dominatzen hasi. 18-26 zegoen markagailua, eta azken ahalegina egiten saiatu zen. Duen kasta atera, eta Bereikua dantzan jarri zuen kantxaren alde batetik bestera. Finaleko Goikoetxearik onena azaldu zen une horretan, baina berandutxo zen jada. Tantoak ere sartu zizkion, baina hutsegite txikienak partida galtzea ekarriko zuen. Horixe gertatu zitzaion, eta Bereikuak tarteari eusteko ez zuen arazorik izan. Azken tantoan behera bota zuen pilota Goikoetxeak.
Goikoetxea 23
Bereikua 30
Markagailua: 2-0, 2-2, 3-2, 3-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-8, 10-8, 10-10, 11-10, 11-11, 13-11, 13-12, 14-12, 14-13, 15-13, 15-22, 16-22, 16-23, 17-23, 17-25, 18-25, 18-26, 23-26 eta 23-30.
Sakeak: Goikoetxeak bi, eta Bereikuak bat bera ere ez.
Bestelakoak: Oso jende gutxi joan zen Karmelo Balda pilotalekura, 50 baino gutxiago.