Loquillo eta Santamaria mexikarrak dira binakakoan urrea janzteko faboritoak
Gara
Baionan jokatzen ari diren trinketeko Munduko Kopak ibilbidearen erdia egin du, eta finalistak zein izango diren ia iragar daiteke. Bertan ez da Euskal Herriko selekziorik ari, baina hori lehendik ere jakina zen, Munduko Txapelketako lehen lau postuetan geratu diren lau selekzioek bakarrik har baitezakete parte. Eta Euskal Herriari Mundialean lehiatzen utzi ez ziotenez, hemen parte hartzea ezinezkoa da, nahiz eta Euskal Herrian jokatu.
Waltari kubatarra da lehiaketa honetako izarra. Kubarekin ari da jokatzen bai bakarka eta bai binaka, eta emaitza ezberdinak lortu ditu. Helburua bakarka urrea lortzea du, eta 40 eta 28 irabazi zion Frantziari. Bart gauean zuen Mexikoren aurka jokatzekoa, eta normalean ez zuen arazorik izan behar, herrialde horretako bi onenak binaka ari baitira. Ezeren okerrik ez dela, Kuba eta Frantzia izango dira finalean, nahiz eta horretarako Frantziak bihar Mexikori irabazi beharko dion partida.
Binakakoan, garbi dago finalean Mexiko izango dela. Loquillo eta Santamaria lehiaketako bikoterik onena da, eta Espainiari astindu handia eman zion. Frantzia ere bide onetik doa, eta Espainia eta Kuba motelago daude. Waltari Povedarekin ari da, eta amateurretan eskuz dagoen trinket jokalaririk onenak ez du aparteko ahaleginik egin nahi hemen, helburua bakarkakoan duelako.
Xaren, Espainia eta Frantzia Kubaren eta Argentinaren gainetik dira, eta ezustekorik ezean, finala berek jokatu beharko lukete. Bien arteko partidan Zelanek eta Sanglarrek 40 eta 20 irabazi zioten Lopetegiri eta Vinuesari.
Paletan, larruzko pilotekin, Frantziak urrats handia egin du finala jokatzeko, eta badirudi Cazemayor eta Bergerot urrearen lehian izango direla. Argentinaren eta Espainiaren artean egongo da beste finalista. Gomazko pilotekin, mutiletan, Argentina da faborito nagusia, eta 8an utzi zuen Txile lehen partidan. Frantziak urrats handia egin zuen finalerako, Uruguai menderatuta.
Nesketan, Frantzia eta Espainia finalerako txartela lortuta daude, jokatutako biak irabazi baitituzte. Bart gauean ziren aritzekoak elkarren aurka, lehendabiziko faseko azkeneko partidan.