«Finaleko tentsioarekin gehiago gozatzen dut jokatzen» Koteto Ezkurra

Iragan astean zortzigarrenez lortu zuen buruz buruko txapela; azken finala izugarria iruditu zitzaion, jokatu duen «gogorrena».

IMANOL MAGRO – Berraia

Ezkurrak plaza gizontzat jotzen du bere burua, eta, nola ez, Galarretan egin dugu hitzordua. Berriako kazetaria hurreratu zaioenan, adi-adi zegoen atzoko partida nagusia ikusten.

Ezer baino lehen, zer moduz duzu finalean mindutako izterra?

Ondo, aste honetan proba batzuk egin ditut, eta ez dut arazorik izango larunbatean jokatzeko.

Ospatu al zenuen larunbateko txapela?, nola?

Bai, larunbatean bertan afari ofiziala egin genuen. Igandean, aldiz, Doneztebeko ermita batean egiten den erromerian. Bertan, bazkaria egin eta lagunekin ospatu nuen.

Atzera begira jarrita, nola gogoratzen duzu larunbateko finala?

Partidan oso sartuta hasi nintzen, banekielako partida oso parekatua izango zela eta hasieran tanto asko ez galtzeko asmoarekin. Baina kontrakoa gertatu zitzaidan, zazpi tanto hartu baitzizkidan hasi bezain laster. Halere, nik lasai jarraitu nuen, lekua eta sakea berreskuratu nituenean, bera harrapatzen hasi nintzen, 17-18koarekin oso ondo ikusi nuen neure burua. Gero partida luzatu zenean, fisikoki oso ondo eutsi nion; berak, aldiz, beherantz nabari egin zuen. 30na egin nuenean lasai egon nintzen, buruari hotz eutsi eta arriskatuz irabazi nuen.

Kirol ikuskizun izugarria, ezta?

Lehenik esan beharra daukat finala hautsi ez bazen, ez batak ez besteak sakean asmatu ez genuelako izan zela. Gero maila tekniko oso altuko partida iruditu zitzaidan, huts bakarrak tantoa lortu nahian egin genituelako. Fisikoki ere, ondo eutsi genion. Sekulako partida izan zen.

Jokatu duzun finalik gogorrena? Eta dibertigarriena?

Biak bai, tentsio horrekin disfrutatu egiten duzu. Niri giro hori gustatu egiten zait, asko motibatzen nauelako, askoz gehiago gozatzen dut.

Nola gogoratzen duzu azken txapelketa?

Denetik izan da, lehen partidak ez ziren oso onak izan, gero Imanol Altunak sekulako erakustaldiak eman ditu, Eizagirreren zorte txarra, Zeberioren kanporaketaren ezustea.Txapelketa ligaxkan berotu da, Altuna, Lizaso eta nire arteko partidak oso onak izan dira, eta finala, berriz, izugarria.

Eizagirrek jokatu izan balu, txapelketa desberdina litzateke?

Ez dakit, Eizagirre duela hiru urte oso goiz kanporatu zuten; iaz, aldiz, sekulako maila eman zuen. Hasi aurretik, txapela lortzeko hautagai nagusietakoa zen, baina nork esan zezakeen iazko maila eman behar zuela. Gainera, buruz buruko txapelketan garrantzi asko dauka mementuko sasoi puntuak.

Bronkitisarekin, txapelketa kolokan izan al zenuen?

Nik, ospitalera joan nintzenean, finala ez nuela jokatuko uste nuen, ez zelako bronkitisa, neumonia hasiera baizik. Jendea ez larritzeko, albistea zabal ez zedin saiatu nintzen eta bronkitisarena esan. Aste osoa eman nuen kezkatuta, eta hobera eginda ere neure burua probatu egin nahi nuen. Entrenamendu saio gogor bat egin banuen ere, nik jokatzea eskatu nuen, eta partida hori bukatu zen arte ez nintzen lasaitu.

Zortzi aldiz txapeldun; atzera begiratzean, zer irudipen?

Orain askotan gogoratzen naiz. 95ean txapelketa jokatzen hasi nintzenean, ezin nuen pentsatu ere egin zortzi txapelketa irabaziko nituela. Orain, aldiz, gero eta gehiago nahi dut, txapelketa bakoitza berezia da eta oso motibatuta irtetzen naiz. Buruz burukoarekin oso identifikatuta nago.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE